Gizartea -
2019ko Gabonak
Planetario argiztagarri bat, Donostiako Gabonetako berritasun nagusia
8 x 12 metroko instalazioa izango da eta Alderdi Ederren jarriko dute. Noria erraldoia eta Gabonetako azoka ere bueltan izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udalak Gabonetako apaingarriak aurkeztu ditu. Nobedade gisa, aurten planetario argiztagarri bat jarriko dute Alderdi Ederren.
Gainera, Maria Cristina hotela ere argiztatuko dute, eta Haizearen Orrazia eta Bakearen Usoa irudikatuko dituzte Gabonetako argietan.
Ernesto Gasco zinegotziak azaldu duenez, planetarioa 8 x 12 metrokoa izango da, koloredun argiak eta soinuak izango ditu, eta hainbat ikuskizun eskainiko dituzte bertan.
Bestalde, Gabonetako bola erraldoia Easo plazan jarriko dute aurten, eta herritarrak barrutik pasatu ahalko dira.
Era berean, Federico Garcia Lorca plazan, Olentzerori eta Mari Domingiri eskainitako atrakzio bat kokatuko dute.
Gabonetako azokari dagokionez, aurten 51 postu izango ditu, iaz baino 11 gehiago, bai Urumeako pasealekuan, bai Santa Katalina plazan.
Eta, nola ez, Gabonetako izarra, 50 metroko noria erraldoia, bira eta bira egongo da aurten ere Alderdi Ederren.
Udalak azaroaren 30ean piztuko ditu Gabonetako argiak, 18:00etan, jai kutsua izango duen ekitaldi batekin. Egun horretan, suak jaurtiko dituzte Maria Kristina zubitik.