Gizartea -
Nafarroa
Gizon bat zigortu dute Larragan, baimenik gabe 10 uso ehizatzea leporatuta
Artaxoako Sepronako patruila batek ezustean harrapatu zuen gizona, Larraga inguruko artegi batean, eskopeta batekin haitz-usoak ehizatzen. Jaurtigaiak inguruko eraikinetara iritsi ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Guardia Zibilak gizonezko bat zigortu du Larragan (Nafarroa), baimenik gabe 10 uso ehizatzea leporatuta, eta erabilitako eskopeta kendu dio.
Guardia Zibilak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Artaxoako Sepronako patruila batek ezustean harrapatu zuen gizona, Larraga inguruko artegi batean, eskopeta batekin usoak ehizatzen.
Gizonak usoak hiltzeko asmoz tiro egindakoan, jaurtigaiak inguruko eraikinetara iritsi ziren, baina ez zuten inor zauritu.
Zehazki, 10 haitz-uso ehizatu zituen gizonak, 351/2010 Foru Aginduaren arabera izurritea eragin dezakeen animalia-espezie gisa sailkatuta dagoena. Hori dela eta, baimen berezia behar da haitz-usoak harrapatzeko.
Horren aurrean, Guardia Zibilak eskopeta eta 10 usoak kendu zizkion gizonari, eta hiru salaketa administratibo jarri dizkio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailean.