Gizartea -

PICSA zerrenda

Oparotasun inklusiboari buruzko rankingean 20. postuan dago Bilbo

Bizkaiko hiriburuak etxebizitzaren, ingurumenaren eta osasunaren inguruko blokean lortu ditu puntuazio onenak, eta, okerrenak, berriz, BPG eta bizi-kalitateari dagokienez.

Bilbo, Arangoiti auzotik. Artxiboko argazkia: Jose Luis Gomez
Bilbo, Arangoiti auzotik. Artxiboko argazkia: Jose Luis Gomez
Bilbo, Arangoiti auzotik. Artxiboko argazkia: Jose Luis Gomez

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirien "oparotasun inklusiboa" neurtzea helburu duen PICSA indizeak munduko rankingaren 20. postuan kokatu du Bilbo. Zehazki, Bizkaiko hiriburuak etxebizitzaren, ingurumenaren eta osasunaren inguruko blokean lortu ditu puntuazio onenak, eta, okerrenak, berriz, barne produktu gordina (BPG) eta bizi-kalitateari dagokienez.

Oparotasun inklusiboari buruzko azterketa horrek mundu osoko 113 hiri neurtu eta sailkatu ditu, eta ez bakarrik hiri horien tamaina eta oparotasunaren arabera, herritar guztientzako ingurune inklusibo eta oparoak sortzeko egiten dituzten ahaleginen arabera baizik. Testuinguru horretan, PICSAk NBEren, OCDEren eta OMEren azterketen datuak hartzen ditu oinarri, eta hiru bloke bereizten ditu.

Lehen blokea, BPGak eta "bizi-kalitateak" osatzen dute; bigarrenak, segurtasuna, hirugarren mailako ikasketak dituzten biztanleen ehunekoa eta Interneterako sarbidea duten etxeak neurtzen ditu, eta, hirugarrenak, alokairuaren kostua soldatari, ingurumen kalitateari eta 1.000 pertsonako mediku kopuruari dagokienez.

Hala, zerrenda horren arabera, Zurich da oparotasun inklusiboan lehen hiria, eta horren atzetik daude Viena, Kopenhage, Luxenburgo, Helsinki, Taipei, Ottawa, Kiel (Alemania), Geneva, Washington, Munich, Praga, Seattle, Stockholm, Boston, Amsterdam, Berlin, Eindhoven eta Bilbo. Madril 28. postuan dago, eta Bartzelona, 61.ean.

Europako hiriak (Bilbo tartean) munduko lehen azterketa honetan buruan diren 20 hirien zerrendan daude. Horiei, AEBko hiru hiri (Washington, Seattle eta Boston) gehitu behar zaizkie, eta Taipei da hiri onenen artean sartzea lortu duen Asiako bakarra (6. tokian dago).

Horrez gain, Forbesen arabera munduko hamar hiririk aberatsenak direnak Bizkaiko hiriburuaren atzetik geratu dira zerrenda horretan: Londres (33), New York (38), San Frantzisko (42), Seul (49), Mosku (59), Hong Kong (70) eta Pekin (90). Gainera, Shanghai, Shenzhen eta Bombay daude horren azken postuetan.

Zerrendaren aurkezpenean, Bruno Lanvin azterketaren arduradun nagusiak adierazi duenez, "ekitaterik gabe hazkunde ekonomikoa ez da iraunkorra, eta hazkunderik gabe ekitatea pobreziaren birbanaketa da". Ildo horretatik, Hong Kong edo Txileko Santiago hirietan, esaterako, gaur egun dauden istiluak ekarri ditu gogora.

Bestalde, garapen ekonomikoa pertsonen beharretan oinarritu behar dela esan du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, profesionalak eta ekintzaileak erakartzeko, hiriek herritarren bizi-kalitatea bermatu behar dutela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak BPGd Nafarroa