Gizartea -
M-15 mugimendua
Milaka 'sumindu' irten dira Madrilgo kaleetara
Antolatzaileen arabera 50.000 lagun inguru atera dira Madril erdiguneko kaleetan egin diren zazpi manifestazioetara. Guztiak modu baketsuan egin dira eta Neptuno plazan amaitu dira 14:00ak aldera.
Erredakzioa
Milaka "sumindu" elkartu dira gaur goiz osoan zehar Madrilen Euroaren Itunaren aurka M-15 mugimenduan antolatuta egin diren protestetara. Jai giroan eta modu baketsuan egin dituzte sei manifestazioak eta guztiak eguerdiko 14:00ak aldera Espainiako hiriburuko erdigunean dagoen Neptuno plazan amaitu dira.
Madril astintzen ari den beroak ez ditu atzera bota milaka manifestariak; goizeko 09:00etan edo 10:00etan hasi dira martxak, auzoaren arabera. 13:00ak aldera manifestariak Kongresura iritsi dira eta bertan segurtasun indarrekin aurkitu dira San Jeronimo kalean dagoen eraikina babestu asmoz.
Bankariei eta politikariei hainbat oihu bidali dizkiete "suminduek" beti ere jai giroa nagusi zela; pankartak, mozorroren bat edo beste edo musika instrumentuak ikusi ahal izan dira Madrilgo kaleetan. "Demokrazia deitzen diote eta ez da" edo "Salto bat, bi salto, bankaria saltorik egiten ez duena" izan dira parte-hartzaileen artean gehien oihukatu diren leloak.
Gaztelako pasealekuan elkartzen hasi dira manifestari guztiak eta 13:15ak aldera Zibele enparantza "hartu" dute "suminduek" eta "errespetua" eskatzen zuen pankarta erraldoi bat zuten.
Madrilen gaur goizean guztira zazpi manifestazio zeuden deituta, sei bizilagunen asanbladetakoak eta bat zentrala; guztiak 14:00ak aldera amaitu dira Neptuno plazan eta bertan Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia jarri dute mobilizazioari amaiera emateko.