Gizartea -

IMMIGRAZIOARI BURUZKO TXOSTENA

EAEko herritarren % 52k kontratudun migratzaileei bakarrik utziko liekete sartzen

Euskal herritar gehienek ez dute migrazioa arazo gisa ikusten, eta datozen 5 urteetan areagotu egingo den egiturazko fenomenoa dela onartzen dute.

Ikuspegiren 2019ko barometroaren ondorioak. Artxiboko argazkia: Efe
Hainbat pertsona zebrabide bat gurutzatzen, Bilbon
EAEko herritar gehienek ez dute immigrazioa arazotzat hartzen

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko herritarren erdiak baino gehiagok (% 52,9) lan-kontratua duten pertsonei bakarrik utziko liekete sartzen gurean, eta ia erdiak (% 49,7) uste dute administrazio-erregularizazioa soilik lan-kontratua dutenei dagokiela.

Immigrazioaren Euskal Behatokiak (Ikuspegi) egindako 2019ko barometroaren ondorioetako bat lanaren eta EAEko gizarteak etorkinak onartzearen artean dagoen harremana da. Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Beatriz Otero Soziologia irakasle eta Ikuspegiko kideak aurkeztu dute gaur txostena prentsaurrekoan.

Aurtengo martxoa eta apirila bitartean 600 inkesta eginda sortutako txostenetik ondorioztatzen denez, EAEko herritar gehienek ez dute immigrazioa arazotzat hartzen (% 9k soilik uste dute arazo bat dela), eta datozen 5 urteetan gora egingo duen egiturazko fenomenoa dela onartzen dute (% 73,9).

Halaber, % 66,2k uste dute bertokoei ez dietela lana kentzen, bertokoek nahi ez dituzten lanpostuak betetzen dituztelako. % 17,6k, berriz, kontrakoa uste du.

Aurreko urteetako txostenetan bezala, Euskadin bizi diren atzerritarren bolumenaren pertzepzio handiegia du gizarteak, % 17 direla uste baitute herritarrek, benetako datua (% 10) askoz ere txikiagoa baita.

Integrazio-ereduari dagokionez, gehienbat "asimilazionista" da, aniztasuna onartzen delako eta aberastasun bat dakarrela onartzen delako (% 60tik gora), baina uste da etorkinak direla EAEko gizartean integratzeko eta beren ohiturak eta tradizioak hartzeko ahalegina egin behar dutenak (% 77,5).

Gehienek ondo ikusten dute jatetxe edo denda propioak irekitzea (% 70 baino gehiago), baina portzentaje hori % 35 ingurura jaisten da beren erlijioentzako tenpluak eraikitzea, jatorrizko herrialdean bezala janztea edo ikastetxe propioak izatea ondo iruditzen zaien galdetzen dietenean.

Eskubideak eskuratzeari dagokionez, inkestatu gehienek uste dute hezkuntzak (% 70) eta osasunak (% 61) unibertsalak izan beharko luketela, baina ia gehiengo hori bera da erregularizatutako etorkinek bakarrik gizarte-laguntzak, babes ofizialeko etxebizitzak edo familia berrelkartzeko laguntzak jasotzearen aldekoa.

Izan ere, % 53,3k uste dute gehiegizko onura ateratzen diotela gizarte-babeseko sistemari. Desagertu ez diren beste bi estereotiporen arabera, matxismoa areagotzen laguntzen dute (galdetutakoen % 40,4ren ustez) eta segurtasunik eza eta delinkuentzia handitzen dute (galdetutakoen % 37,4ren iritzian).

Azterlanak, halaber, EAEko herritarrek atzerriko nazionalitate desberdinekiko duten sinpatia-maila zenbatzen du, eta kulturalki hurbilen dauden kolektiboekiko sinpatia-maila handiena dutela egiaztatu ondoren, jatorri magrebtarreko pertsonak dira antipatia handiena pizten dutenak, pakistandar eta errumaniarrekin batera.

Datu horrekin batera, Islamarekiko mesfidantza oso handia dela erakusten du txostenak.

Gizarteak immigrazioaren aurrean duen tolerantzia-indizea etapa ekonomikoarekin lotuta dagoela baieztatu da 2019eko txosten honetan; beraz, hazkunde ekonomikoa dagoenean, indizea handitu egiten da. Aurten 60,67 puntuko mailan kokatu da, 2014tik barometroak egiten hasi zirenetik inoiz izan duen mailarik altuenean.

Tolerantzia-indizearekin lotutako aldagaiak sexuaren, adinaren, ikasketen eta posizio ekonomikoaren araberakoak dira; hala, unibertsitate-ikasketak eta estatus ekonomiko eta sozial altua dituzten gizon gazteak toleranteagoak dira.

Beatriz Oteroren arabera, datu horiek guztiek immigrazioaren aurkako jarrera "anbibalentea" dela azaltzen dute; izan ere, gora egin du ondorio positiboak negatiboak baino handiagoak direla uste duen kolektiboak, baina murrizketen aldekoak dira, batez ere eskubideetan eta zerbitzuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak