Gizartea -

Epaiketa Danimarkan

Lopez de Uraldek bere absoluzioa eskatu du

Greenpeace Nordic erakundeko 11 auzipetuei bizilekua bortxatzea, agiriak faltsutzea, ordezkari publikoen lekuan jartzea eta Margarita II erregina irantzea leporatzen diete.

Greenpeaceko ekintzaileak Kopenhageko epaitegira heltzen. Argazkia: EFE
Greenpeaceko ekintzaileak Kopenhageko epaitegira heltzen
Abian da Juan Lopez Uralderen aurkako epaiketa

00:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Lopez de Uralde Greenpeace Espainiako zuzendari ohiak eta erakundeko beste kide batzuek euren absoluzioa eskatu dute gaur. 2009ko ingurugiro goi-bileraren ekitaldi ofizial batean sartu ziren eta horregatik epaiketa bati aurre egin behar diote orain. Danimarkako Fiskaltzak kartzela zigorrak eskatu ditu, baina urte kopururik zehaztu gabe.

Greenpeace Nordic erakundeko 11 auzipetuei bizilekua bortxatzea, agiriak faltsutzea, ordezkari publikoen lekuan jartzea eta Margarita II erregina irantzea leporatzen diete. Izan ere, erregina ekitaldian izan zen.

Prozesu judiziala eta auzipetuak aske uztea eskatu du defentsak, goi-bileran akordio bat behartzeko protesta politiko bat izan zela argudiatuta. Klima-aldaketaren ondorioek sortutako arazoak gero eta larriagoak dira eta nazioarteak ez du neurririk hartzen, ekintzaileen defentsak gogorarazi duenez.

Errugabeak direla adierazi dute auzipetuek, baina gertakarietan parte hartu zutela onartu dute. Goi-bilerak porrot egitea saihesteko ekintza justifikatu dute, izan ere, munduko buruzagiek ez zuten akordiorik lortu.

Fiskaltza

Bestalde, auzipetuek autoen matrikulak eta afarira sartu ahal izateko paperak faltsutu zituztela errepikatu du Fiskaltzak. Horregatik, espetxe zigorrak eskatu ditu, baina urte kopururik zehaztu gabe. Zigorraren iraupena auzitegiak zehaztu behar duela azaldu du.

Era berean, erregina iraindu zutela aipatu du fiskalak, nahiz eta duela 80 urte erabili ez den akusazioa izan. Horregatik Danimarkako legelariek gogor kritikatu dute fiskala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea