Gizartea -

2010eko Fiskaltzaren Memoria

Delituek % 4,85 egin dute behera EAEn

Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak gaur aurkeztu du fiskaltzaren 2010eko txostena eta oro har behera delitu guztiek egin badute ere, gehien ondarearen aurkakoek egin dute, % 10 alegia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iaz Euskadin erregistratutako delituek % 4,85 egin zuten behera 2009ko datuekin alderatuz gero; bereziki nabarmena izan da ondarearen aurkako delituek izan duten jaitsiera, % 10ekoa hain zuzen ere.

Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak gaur goizean Bilbon prentsaren aurrean aurkeztu du 2010eko fiskaltzaren memoria eta eguerdian Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteari eman dio.

2010ean 133.183 dilijentzia penal erregistratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan; 2009an, berriz, 139.971. Lurraldeka aztertuta, % 7,7 egin dute behera delituek Bizkaian, % 2,97 Gipuzkoan eta Araban, berriz, gora egin dute % 1,8.

Calparsorok azpimarratu du ondarearen aurkako delituek nabarmen egin dutela behera eta hori ezohikoa dela krisi egoera batean. Bestalde, haur pornografia kasuek, sare sozialen bitartez egindako mehatxuek eta interneteko iruzurrek gora egin dutela esan du Euskadiko fiskal nagusiak.

Edozein kasutan, 2010eko fiskaltzaren memoriaren aurkezpenean gogorarazi dute iaz EAEko fiskaltzek martxan jarri zituztela berrogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkaden artean ustez lapurtutako haur jaio berrien salaketa tramiteak. Horietan "Euskadi estatuko gailurrean dago", esan du Calparsorok; Gipuzkoan 108 salaketa daude haurrak bahitzeagatik, 36 Bizkaian eta 20 inguru Araban.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea