Gizartea -

Pantalanen proiektua

Plentzia, Barrika eta Gorlizko eragileak, 'elkarrizketa eskaintzarekin' itxaropentsu

Portuetako agintariei, Euskal Kirol Portuei (EKP) eta udalei "mahai bateratu bat" osatzea eskatu diete, "herri osoaren eta itsasadarreko erabiltzaileen iritzia errespetatzeko".

SOS Itsasadarra plataformako kideak Eusko Legebiltzarean, osiralean. Argazkia: SOS Itsasadarra
SOS Itsasadarra plataformako kideak Eusko Legebiltzarean, osiralean. Argazkia: SOS Itsasadarra
SOS Itsasadarra plataformako kideak Eusko Legebiltzarean, osiralean. Argazkia: SOS Itsasadarra

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Plentziako (Bizkaia) Itsasadarrean pantalanak zabaltzeko eta erregai-hornigailu bat eraikitzeko proiektua gelditzea eskatu zuen giza kate batek iragan igandean. Protesta SOS Itsasadarra plataformak antolatu zuen. Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak eta Euskadiko Kirol Portuek (EKP) bultzatu dute egitasmoa.

Arantza Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak adierazpenak egin zituen ostiralean, Eusko Legebiltzarrean, eta Plentziako Udalak bilera egin zuen ostegunean.

SOS Itsasadarra plataforma, Arkote Arraun Taldea, Barrika Piragua Taldea, Ugari Sub Urpeko Jardueratarako Kirol Taldea, Goazen Up Elkartea, Itsas Egurra Haizean, Plentziako Lagun Zaharrak Arraunlariak, Plentzia Piragua Taldea eta Plentzia Traineru Baltza Arraun Kluba itxaropentsu agertu dira gaur elkarrizketa eskaintzarekin: "Elkarrizketa eta konponbideak bilatzeko eskaintzarekin pozik hartu dugu".

Ohar batean, portuetako agintariei, Euskal Kirol Portuei (EKP) eta udalei "mahai bateratu bat" osatzea eskatu diete gizarte eragileek, "herri osoaren eta itsasadarreko erabiltzaileen iritzia errespetatzeko".

"Borondate ona azaltzeko proiektua berehala gelditzeko eskatu diete erakundeei; izan ere, elkarrizketarako bideak zabaldu dituzte eta egitasmoa hobetzeko proposamenak aurkezteko aukera eman dute, baina orain arte agiri ofizialen arabera, proiektuak ez zuen aldaketarik onartzen", erantsi dutenez.

"Maila guztietan eragin txikiagoa izango duen berrantolaketa baten alde egiten dugu"

"Maila guztietan eragin txikiagoa izango duen berrantolaketa baten alde egiten dugu; paisaia, ingurumena, ohiturak, erabilerak eta itsasadarreko amarradurak errespetatuz", aldarrikatu dute.

"Azken urteetan EKPk kudeatzen dituen portuetan esperientzia negatiboak eman dira Euskadiko zenbait herritan, eta gure udalerrietan halakorik ez dugu nahi", ohartarazi dute.

Gainera, "proiektuaren inguruko informazio guztia" eskatu dute; izan ere, "desinformazio ugari dago".

Gizarte eragileen hitzetan, "1.400 pertsonak osatu zuten giza kateak herri oso baten ustea islatzen du, beste herri batzuetako bizilagunen babesa, itsasadarra babesteko herriaren borondatea, ondare publiko eta irekia babesteko inplikazioa".

Azkenik, "proiektua gelditzea lortu arte mobilizazioei eta ekintzei eutsiko diegu, proposamen komun batean lanean hasi arte", azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Plentzia Albisteak Gorliz