Gizartea -
Bilboko jaietan
Azkunak Miribillara eraman nahi ditu Aste Nagusiko kontzertuak
Miribillako Bilbao Arenan kontzertuak programatzea proposatu du Bilboko alkateak. Halaber, Aste Nagusirako pelota partida profesionalak proposatu ditu Azkunak.
Erredakzioa
Aste Nagusian Bilboko frontoi berrian pelota partida profesionalak egitearen alde agertu da Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, gainontzeko euskal hiriburuetan gertatzen den bezala.
Horrela adierazi du Azkunak, astearte honetan Bilboko udaletxean izandako Miguel de Unamuno Saiakeraren eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren sari-banaketetan.
"Zezenak edo antzerkia dagoen heinean, ohikoa da oso pelota partidak egotea, bestela, zertarako eraiki da frontoia? Logikoena da pelota partidak izatea, jendeak disfrutatu ditzan", baieztatu du.
Gainera, Zorrozaurreko Botika Zaharreko zelaiguneko kontzertuak Miribillako Bilbao Arenara eramatearen alde agertu da hiriko alkatea.
Aztertu behar duten "aukera" bat da, IMQren klinika berriaren aurreran kontzertu bat egitea bideragarri ez delako. "Logikoena litzateke hortik alde egitea eta Miribillako Kirol Jauregia bezalako esparruak aprobetxatzeko momentua da, 9.000 lagun hartzeko gaitasuna duelako", nabarmendu du.
Azkunak azpimarratu duenez, "aztertu eta zehaztu behar diren aukerak dira".