Gizartea -
Erreskatea
Sei ordu baino gehiagoz bihotza geldituta eduki ostean bizirik irten da emakume bat
Pirinioetatik zeharkaldian zebilela ekaitz batek harrapatu zuen Audrey Mash. Konorterik gabe, hipotermia larri batekin eta bihotz geratuta zuela erreskatatu zuten.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Vall d’Hebron Ospitaleko mediku talde batek hipotermia larri baten ondorioz bihotza sei orduz geldituta izan zuen 34 urteko emakume bat suspertu zuen, inolako ondorio neurologikorik gabe. Azaroaren 3an gertatu zen guztia, Pirinioetan zeharkaldia egiten ari zela ekaitz batek harrapatu ondoren.
Larrialdi zerbitzuek konortea galduta, bihotza geldituta eta gorputza 18 graduko tenperaturan zuela erreskatatu zuten Audry Mash, duela bi urtetik Bartzelonan bizi den emakume britainiarra. Artatu zuten medikuek ostegunean azaldu dutenez, Espainiako Estatuan dokumentatu den kasu bakarra eta mundu mailan bihotza geratuta denbora gehien eman duen kasuetako bat da.
Eduard Argudo Vall d’Hebron ospitaleko medikuak esan duenez emakumearen egoera larria ikusita, lehen aldiz hipotermia kasu larri batean gorputzez kanpoko odolaren oxigenazioa erabili dute.
Sei ordu geldituta eman eta gero, Mashen bihotza taupadaka hasi zen berriro, eta emakumeari ez zaio inolako ondoriorik geratu, ezta kalte neurologikorik ere.