Gizartea -
Gurutzetako ospitalean
Giza amorrua izan dezakeen gizon baten kasua aztertzen ari da Osakidetza
Baieztatuko balitz, EAEn azken 30 urteotan izan den lehen kasua litzateke. Abuztuan atzerrian zela, katu batek koska egin zion gizonari, eta sintomak ikusita, susmoa hartu dute osasun agintariek.
EITB.EUS
Osakidetza Euskal Osan Zerbitzua giza amorrua izan dezakeen gizon baten kasua aztertzen ari da Bizkaian. Inportatutako kasu bat izango litzateke, hau da, kutsatzea atzerrian gertatu zen. Zehazki, gizona Estatutik kanpo zegoela, katu batek kosk egin zion besaurrean, eta sintomak ikusita, susmoa hartu diote. Baieztatuko balitz, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 30 urteotan izandako lehen kasua litzateke.
Osasun Publikoko Zuzendaritzak ohar batean jakinarazi duenez, gizona Gurutzetako Ospitalean dago. Kasua baieztatu bitartean, Osakidetzak abian jarri du jarduteko protokoloa, eta dagoeneko hartu ditu ezarritako prebentzio-neurriak, bai eta ukitutako pertsonaren inguruneko kontaktuen azterketari ekitea ere.
Gainera, susmo horren berri eman zaio Osasun Ministerioko Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari.
Osasun Sailak eta Osakidetzak egoeraren bilakaeraren berri emango dute, beharrezkoa izanez gero.
EAEko etxeko animaliek ez dute amorrurik
Osakidetzak argitu duenez, Euskadin ez dago gizakiengan azken 30 urteetan izandako amorru kasurik eta azpimarratu du azaldutako kasua oraindik susmagarria dela, hurrengo egunetan lortuko diren behin betiko emaitzak falta baitira. Edonola ere, inportatutako kasua denez, Osasun Publikoko Zuzendaritzak argi utzi nahi du Euskadiko etxeko animaliak amorrurik gabe daudela.
Amorrua nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasun birikoa da, eta kutsatuta dauden etxeko animalien edo animalia basatien hozkaden edo atzamarren bidez transmititzen zaie listuaren bidez pertsonei. Amorruaren inkubazio aldia oso aldakorra da, eta astebetetik urtebetera joan liteke, bi hilabeteak zenbatetsitako batez bestekoa izanik.