Gizartea -
EGURALDIA
Alerta laranja gaur euskal kostaldean, sei metroko olatuengatik
Nabigaziorako alerta eguerditik gauerdira egongo da indarrean. Horrez gain, abisu horia ere egongo da, olatuek kostaldean egin dezaketen kaltea dela eta.
Agentziak | Erredakzioa
Itsaso zakarrarekin abiatu dugu astea, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du nabigaziorako, sei metroko olatuak egon daitezkeelako. Eguerditik gauerdira izango da alerta indarrean.
Aurretik, abisu horia ezarri dute 06:00etatik 12:00etara, nabigaziorako arriskuagatik. Olatuen altuera 3,5 metrotik gorakoa izatea aurreikusi da, eta eguerdi inguruan, 5 metro ingurukoa.
4-5eko indarrarekin zein 6ko tarteekin, mendebal/ipar-mendebaldeko haizeak itsaski bortitza eragingo du, eta itsas handia eremu batzuetan. Arratsaldean, baretu egingo da, eta 4ko indarra hartuko du gauean; egunaren azken orduetarako, ordea, sagailoa aurreikusi da.
Gainera, 12:00etatik aurrera, olatuek kostaldean kalteak eragin ditzaketela eta, abisu horia egongo da indarrean; izan ere, itsas bazterreko pasealekuetara eta malekoietara hel daitezke olatuak, Segurtasun Sailaren arabera. Itsasgora 14:41ean izango da, eta 3,92 metroko marea aurreikusita dago.
Asteartean
Astearterako, abenduaren 10erako, abisu horia ezarriko da 06:00ak arte nabigaziorako arriskuagatik. Olatuen altuera 4-5 metrokoa izango dela aurreikusi dute, eta behera egingo du goizaldean, 3,5 metrora jaitsiz.
Era berean, 02:00etatik 04:00etara, abisu horia egongo da indarrean kostaldean inpaktu arriskuagatik. Itsasgora 03:03an izango da, eta 3,96 metroko marea aurreikusi dute.