Gizartea -
The World's Big Sleep Out
Munduko 50 hiri baino gehiagok kalean bizi diren pertsonei elkartasuna azaldu diete
Donostian elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. Gipuzkoan 300 pertsona kalean bizi dira, antolatzaileen (SOS Arrazakeria, Harrera Sarea eta Arratsa elkartea) arabera.
eitb.eus
Munduko 50 hiri baino gehiagok 'The World's Big Sleep Out' ekimenarekin bat egin dute larunbat honetan. Kalean bizi diren pertsonei babesa eta elkartasuna adierazteko nazioarteko ekitaldi nagusia da. 'Gaua etxerik gabe' lelopean egin dute Madrilen. Espainian, 31.000 bat pertsona kalean bizi dira.
Deialdiak bi helburu nagusi ditu: mundu osoan 50.000 pertsonak parte hartzea eta 50.000.000 dolar biltzea.
Munduko 50 hiri baino gehiagok 'The World's Big Sleep Out' ekitaldiarekin bat egin dute, besteak beste, Donostia, New York, Chicago, Londres, Edinburgo, New Delhi, Brisbane, Dublin, Manchester, Brusela, Oslo eta Santiagok (Txile).
Gipuzkoako hiriburuan, elkarretaratzea egin dute 19:00ak aldera Aldundiko egoitzaren aurrean.
Gipuzkoan 300 pertsona kalean bizi dira, antolatzaileen (SOS Arrazakeria, Harrera Sarea eta Arratsa elkartea) arabera, 500 bat Euskal Autonomia Erkidegoan.
Larunbat honetan elkartasunak, musikak, testigantzek eta eztabaidak bat egitea nahi dute, ehunka pertsona izarpean lo eginez. Azkenean, Donostian kalean lo egitea baztertu dute antolatzaileek, Udalaren araudia ez hausteko.
Nazioartean, Will Smith eta Helen Mirren bezalako artistek New Yorken, Chris Martin, Travis (Londresen) eta Ziggy Marley (Los Angelesen) bezalako musikariek ekitaldiarekin bat egin dute. Besteak beste, Unicefek, Malala Fundazioak eta Institute of Global Homelessnessek (IGH) jardunaldia babesten dute.
Ekitaldiaren inguruko informazio guztia lanochesinhogar.org webgunean lor daiteke. Parte hartu ezin izatekotan, dirua emateko aukera ere bertan dute erabiltzaileek.