Gizartea -

Nafarroa

Garesek argiztapen 'jasangarri eta adimentsuaren' saria jaso du

Garesek (Nafarroa) Starlight fundazioaren argiztapen 'jasangarri eta adimentsuaren' saria jaso du, argi-kutsaduraren aurkako borroka aintzatetsi diotelako.

Garesek argiztapen 'jasangarri eta adimentsuaren' saria jaso du. Argazkia: Alfonso Alastuey.
Garesen plano orokorra
Garesek argiztapen 'jasangarri eta adimentsuaren' saria jaso du. Argazkia: Alfonso Alastuey.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garesek (Nafarroa) Starlight fundazioaren argiztapen 'jasangarri eta adimentsuaren' saria jaso du. Haren helburua gaueko zerua babestea, astronomiaren kultura zabaltzea, izarren turismoa sustatzea eta argi kutsaduraren aurka borrokatzea da.

Duela hamar urte Garesen ingurugiroarekiko errespetua duen argiteria publikoaren udal ordenantza sortzeko egindako lana aitortu egin diete, baita egin duten dibulgazio lan garrantzitsua ere.

"Egindako etengabeko lanarengatik, monumentu historikoak argiztatzeko moduarengatik (Susana Malon eta Alfred Sarek sustatutako zubi erromanikoko argiteria berriaren proiektua) eta gaueko zerua babestearen zein energia aurreztearen garrantziaren inguruko sentsibilizazio-lana goraipatzearren eman dio Starlight Fundazioak sari hau, eta proiektua gauzatzeko bultzada izatea espero du", jakinarazi dute antolatzaileek.

Joan den astean Maon jaso zuen saria Juanjo Salamerok, duela hamabi urte Udalari argiteria publikoa berrantolatzea proposatu zion Gareseko bizilagunak. 2007an, Girgillaoko Astronomia Behatokiko kideek beraien ezinegona adierazi zieten Gares, Artazu eta Girgillaoko udalei, argi-kutsadura gero eta handiagoa zelako. Udalek proposamena ondo hartu zuten, eta ordudanik aurrera eramaten saiatu dira.

2009az geroztik, Garesek argi-kutsadura eta energia-xahuketari aurre egiteko argi publikoen ordenantzarik konprometituenetako bat du, eta, horrez gainera, auzokoak zein animaliak argiek igortzen dituzten erradiazio kaltegarrietatik babesten ditu.

Girgillaoko eta Artazuko udalek dagoeneko osatu dute aldaketa, baina hobetzen jarraitzen dute, Gareseko udal ordenantzak markatzen dituen irizpideei jarraiki. Tiebasen ere  argiteria publikoa aldatu dute, irizpide berdinekin, eta Larrion bezalako herriek laguntza eskatu diote Behatokiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal hiriburuak Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Energia aurrezteko neurriak gaur Energia iturriak