Gizartea -
Gertakaria
Zazpi pertsona eraman dituzte ospitalera Donostian karbono monoxidoa arnasteagatik
Horietatik bi larri daude. Oriamendi etorbideko 134-136 zenbakiko galdarak isuria izan du 10:00ak aldera.
EITB.EUS
Gas isuria izan du gaur Donostiako eraikin bateko galdara batek, eta ondorioz, zazpi pertsona eraman dituzte ospitalera karbono monoxidoa arnasteagatik, Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez. Erietxean daudenetatik bi larri daude. Guztira bederatzi pertsona artatu behar izan dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, isuria Oriamendi etorbideko 134-136 zenbakiko eraikinean jazo da 10:00ak aldera. Larrialdietara deitu duen emakume batek azaldu dienez, berak eta beste lau senitartekok intoxikazio sintomak zituzten.
Anbulantziak eta suhiltzaileak bertaratu dira. Isuria izan den etxean bost lagun topatu dituzte, erdi lokartuta. Ondoko etxean ere beste bi lagun aurkitu dituzte antzeko egoeran. Guztira, bederatzi lagun artatu behar izan dituzte, baina zazpi bakarrik eraman dituzte Donostia Ospitalera. Bi egoera larrian daude, baina euren kordean.
Suhiltzaileak neurketak egin dituzte eta metatutako karbono monoxido kopuru handia atzeman dute bi eraikinetan (antza, tximinia partekatzen dute biek, eta hortik zabaldu da gasa). Hala, bi etxeak aireztatu dituzte.