Gizartea -
2019ko izendapenak
Javi Salgado, Mari Puri Herrero, Marta Macho eta Jaime A. Gil Lozano, Bilboko Ospetsu
Marta Macho matematikaria, Jaime A. Gil Lozano dentista, Javi Salgado saskibaloi jokalaria eta Mari Puri Herrero margolari eta Marijaiaren sortzailea izendatuko dituzte Bilboko Ospetsu.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Udalak 2019ko Bilboko Ospetsuak izendatu ditu jada: Javi Salgado saskibaloi jokalari ohia, Mari Puri Herrero margolari eta Marijaiaren sortzailea, Marta Macho matematikari eta dibulgatzailea eta Jaime A. Gil Lozano dentista.
Sari hau 2001ean sortu zen eta "Bilboko izen ona" munduan zehar zabaltzen laguntzen duten pertsona eta erakundeak aitortzea du helburu.
Aurten Javi Salgado saskibaloi jokalariari 20 urtez egindako ibilbide profesionala aitortu nahi dio Udalak. Salgado ekainean erretiratu zen Bilbao Basket ACB mailara igotzearekin batera. Bere ibilbide profesionalean 14 urte egin ditu Bilbao Basketen, lau Gipuzkoa Basketen eta bi Estudiantesen.
Mari Puri Herrero Martinez de Nanclares margolari handia da eta bere lanak Bilboko Arte Ederren museoaren funtsaren parte dira. Gainera, Mariajaiaren sortzailea izateagatik ere da ezagun.
Marta Machoren kasuan, matematikari eta dibulgatzaile gisa egindako ibilbideagatik omenduko dute. Machok lan handia egin du emakumeek zientzian duten garrantzia ikusgai egiteko. 2016an Emakunde saria irabazi zuen.
Azkenik, Jaime A. Gil Lozanori ere emango diote Bilboko Ospetsu izendapena. Hortz estetikaren nazioarteko erreferente da eta Europa zein mundu mailako elkarteetako presidentea izan da. Gainera, EHUko katedraduna da eta 2018ko Espainiako Dentista Onenaren saria irabazi zuen.