Gizartea -
Eguraldia
Donostiak hondartzak eta pasealekuak itxiko ditu bihar olatu denboralearen ondorioz
Udalak isuna jarriko die baimenduta ez dauden eremuetara sartzen direnei, "azken boladako denboralerik gogorrena" izan baitaiteke.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak hiriko hondartza guztietarako eta kostaldeko pasealekuetarako pasabideak itxiko ditu, eta isuna jarriko die baimenduta ez dauden eremuetara sartzen direnei.
Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak azaldu duenez, "azken boladako denboralerik gogorrena" izan daiteke, eta Udalak "alerta gorriari dagozkion prebentzio neurriak" hartu ditu.
Udalak herritarren laguntza eskatu du, eta kostaldean altuera handiko olatuen eraginak duen "erakargarritasuna" gorabehera, debekatutako guneetan ez sartzeko eskatu du, eta hesiak jarriko dituzte. "Kursaaleko terrazatik edo Urgull menditik izango dute horretarako aukera, baina Pasealeku Berriko sarbideetatik ezingo dira sartu", esan du.
Alerta egoerak indarrean auden bitartean (ostiraleko 00:00etatik larunbateko 08:00etara), hondartzetarako pasabidea itxita egongo da, baita Pico del Loro, Haizearen Orrazia (Ondarretako jaitsieratik) eta Paseo Berria (Nautikotik) zein Salamanca pasealekua (General Jauregitik) ere.
Donostiako Pasealeku berria itxiko dute. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Zazpi alerta laranja ezarri dituzte gaurtik larunbatera arte
Izan ere, giro makurra iragarri du datozen egunetarako Euskalmetek. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak zazpi alerta laranja ezarriko ditu gaurtik larunbatera, itsasoan 7 metroko olatuak izan daitezkeelako eta haize-boladek orduko 120 kilometroko abiadura gaindi dezaketelako. Horrez gain, hainbat abisu hori jarriko dituzte indarrean.
Meteorologia eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak bidalitako oharraren arabera, gaur, 21:00etatik 24:00etara, alerta laranja izango da indarrean haizeagatik. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete kostaldeko haizeguneetan. Bestalde, barnealdeko mendi inguruetan mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake.
Horrez gain, prezipitazio iraunkorragatik abisu horia ezarri dute ostegun eguerditik ostiraleko eguerdira isurialde atlantikoan. Zenbait lekutan metro koadroko 60 litro baino gehiago pila daitezke, bereziki Gipuzkoa ekialdean.
Horrez gain, itsasaldeko arriskuagatik bi abisu hori egongo dira indarrean, bata nabigazioarentzat, egun osoan, 5 metroko olatuengatik, eta bestea, olatuek kostaldean kalteak egin ditzaketelako, 15:00etatik 18:00etara, 4-4,5 metroko olatuak espero baitira.
Bihar zakartu egingo da denboralea
Giroa are gehiago makurtuko da ostiralean. Izan ere, lau alerta laranja jarriko dituzte indarrean. 7 metroko olatuengatik, bat nabigaziorako, egun osoan, eta beste bi, kostaldeko eraginagatik, 04:00etatik 06:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Haizeagatik, beste alerta laranja bat ezarriko dute gauerditik 09:00etara, ufadek orduko 120 kilometroko abiadura gaindi dezaketelako.
Halaber, beste hiru abisu hori izango dira indarrean itsasaldeko arriskuagatik, eta bestea haizeagatik (haizeguneak ez diren tokietan) eta euriteengatik.
Larunbaterako, berriz, bi alerta laranja aktibatuko dituzte: bata nabigazioarentzat, gauerditik 09:00etara, eta bestea kostaldeko inpaktuagatik, 04:00etatik 07:00etara.
Horrez gain, bi abisu hori izango dira itsasaldeko arriskuagatik, 4-5 metroko olatuak espero baitira, gauerditik 09:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.