Gizartea -

Asteburu beroa

Zeru urdina eta beroa izango dira gaur nagusi

Iganderako eta astelehenerako Eusko Jaurlaritzako herrizaingo Sailak alerta hori ezarri du, zenbait lekutan termometroak 38 gradura hel daitezkeelakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean termometroak uda sasoiko balioak harrapatuko ditu. Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, egunsentiko behe-lainoa desegin ostean, zerua urdin-urdin egongo da lurralde osoan. Ekialdeko haizea ibiliko da, baina itsasertzean brisa sartu eta termometroari 26-28 º-ren bueltan errenditzea eragingo dio. Barnealdean aldiz, gehiago berotuko du eta tenperatura maximoak 30 º-koak izango dira.

Igandean beroa izango da guztiontzat hizpide. Eguzkiak gogotik berotuko du eta hego ukituko haizeak gehiago igoaraziko du tenperatura, eguerdi partean 34-35 º-ra igoko da. Gaueko tenperaturak ere, gora egingo du eta 14 eta 19 º artekoak izango dira. Egunean zehar pilatuko den beroaren ondorioz, trumoi-hodeiak garatu eta zaparradaren bat botatzeko aukera txikia egongo da. Itsasertzean, baliteke brisa altxatzea eta beroa zertxobait arintzea.

Bero zakarrarekin jarraituko dugu astelehenean. Eguzkiak eta hego haizeak bazterrak kiskali eta tenperatura oso altuekin jarraituko dugu. Egunsenti epel baten ostean, gaueko tenperatura 15 eta 20 º artekoa izango baita, egunez bero errea egingo du eta berriz ere 35 º-ren bueltan ikusiko ditugu termometroak ordurik beroenetan. Arratsaldean bero-hodeiak garatu eta iluntze aldera lehertzeko probabilitatea areagotu egingo da.

Alerta horia

Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri du igande eta astelehenerako, zenbait lekutan termometroa 38 gradura hel litekeelakoan. Ohar baten bidez zabaldu duenez, litekeena da igandean, kostaldean, tenperatura maximoak 35 gradu baino gehiagokoak izatea.

Astelehenean, muturreko beroaldia espero da kostaldean eta barnealdean, 37 eta 38 graduren arteko tenperaturak izango baitira. Gainerako herrietan 36 gradura hel litezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea