Gizartea -
Epaia
Lau adingabe kondenatuta, Bilbon bi gizonezko jo eta sastatzeagatik
Urtebete eta hiru arteko zigorra beteko dute zentro batean. Akusatuek bi gizonezko ikusi zituzten harreman sexualak izaten eta iraindu eta sastatu egin zituzten.
Erredakzioa
Adingabekoen Bilboko epaitegi batek 17 urtez azpiko lau gazte kondenatu ditu bi gizonezko sexu harremanak izaten ikusi eta haiek iraindu eta sastatzeagatik. Eraosaren ondorioz, biktimek zauri larriak izan zituzten eta kondenatuek 70.600 euroko kalteordaina ordaindu beharko diete.
Iragan urriaren 31an, gauez, lau gazteak eta bostgarren bat, 13 urte bakarrik izateagatik epaitu ez dutena, Bilboko Etxebarria parkearen inguruan zeuden eta bi gizonezko sexu harremanak izaten ikusi zituzten. Epaiaren arabera, "homosexualen kontrako hitzak erabiliz iraindu zituzten".
Ondoren, liderrak muturrekoa eman zion gizonetako bati eta 10 zentimetroko labanaz sastatu zuen Ertzaintzari deitzea saihesteko. Ondoren, bigarren gizona ere sastatu zuen.
Urtebete eta hiru urte bitarteko zigorra
Epailearen ustez, taldeko liderra bi delituak egin zituen eta beste hiru adingabeak egilekideak izan zirela erabaki du. Epaiaren arabera, adingabeek bazekiten liderrak labana zeramala eta bi biktimak inguratzen lagundu zioten.
Ondorioz, taldeko liderra zentro batean hiru urte igarotzera zigortu du. Beste hiru adingabeei antzeko zigorra jarri die eta bakoitzak urtebete igaro beharko du zentro batean.