Gizartea -

Eguraldia

Alerta laranja ezarri dute gaurko EAEn eta Nafarroan haizeagatik

Haize-boladek orduko 110-120 kilometroko abiadura gaindituko dute egunaren lehenengo zatian, eta 120-130 km/h-koa egunaren bigarren partean, bereziki mendi inguruetan.

Bi pertsona, haize gogorrari aurre eginez, Donostian, iragan ostiralean. Argazkia: EFE
Bi pertsona, haize gogorrari aurre eginez, Donostian
Bi pertsona, haize gogorrari aurre eginez, Donostian, iragan ostiralean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elsa depresioak hegoaldeko eta mendebaldeko haize bolada gogorrak ekarriko ditu gaur, osteguna, eta, ondorioz, alerta laranja ezarriko dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroako hainbat gunetan.

Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, haizea oso zakar ibiliko da, eta ufadek orduko 90 kilometroko abiadura harrapa dezakete. Ondorioz, alerta laranja jarriko dute 15:00etatik gauerdira arte Nafarroako erdialdean eta isurialde atlantikoan. Gainerako orduetan, abisu horia egongo da indarrean bi inguru horietan eta Pirinioetan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, alerta laranja egun osoan egongo da indarrean, haizeguneetan. Izan ere, haizeak gogor joko du hegotik, eta arratsalde erditik aurrera espero dira ufadarik gogorrenak.

Ildo horretatik,  hodeigune trinkoak nagusituko dira gaur, eta zenbait tokitan zaparradak bota ditzake noizbehinka. Gainera, baliteke lekuren batean trumoi-ekaitzak jotzea, bereziki mendebaldean eta gauean. 

Testuinguru horretan, haize-boladek orduko 110-120 kilometroko abiadura gaindituko dute egunaren lehenengo zatian, eta orduko 120-130 kilometrokoa egunaren bigarren partean, bereziki mendi inguruetan.

Haizeguneak ez diren lekuetan, abisu horia izango da indarrean egunaren lehen partean, 00:00etatik 15:00etara. Dena dela, 15:00etatik aurrera alerta laranja aktibatuko dute, baliteke-eta orduko 90-100 kilometroko haize boladak izatea toki babestuagoetan.

Tenperatura maximoak koska bat egingo du gora hegoaldean. Zerua nahiko lainotuta egongo da, eta baliteke leku batzuetan zaparradaren bat botatzea, mendebaldean gehienbat.

Ostiralean, haizea mendebaldera aldatuko da goizaldean fronte baten eraginez. Ondorioz, zerua estalita egongo da eta zaparradak botako ditu han-hemenka. Gainera, baliteke ekaitzak jotzea lekuren batean.

Gainerako orduetan, hodeiak ikusiko ditugu, baina desegiten joango dira egunak aurrera egin ahala. Dena dela, zenbait tokitan euri apurren bat egin dezake, batez ere isurialde atlantikoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak