Gizartea -

Bizkaiko auzitegia

Espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri diote alaba Bilbon hil zuen amari

9 urteko alaba botikekin intoxikatu eta ito egin zuen etxean, Atxuri auzoan, urtarrilaren 16an. Herri-epaimahai batek errudun jo zuen abenduaren 19an.

Hildako adingabearen aita bere bikotekidearekin. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Hildako adingabearen aita bere bikotekidearekin. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Hildako adingabearen aita bere bikotekidearekin. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

9 urteko alaba hil zuen amari espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri dio Bizkaiko Auzitegiak, iturri judizialek ostiral honetan jakinarazi dutenez. Botikekin intoxikatu eta ito egin zuen etxean, Bilboko Atxuri auzoan.

Herri-epaimahai batek akusatua errudun jo zuen abenduaren 19an. Era berean, aurrez pentsatutako hilketan ahaidetasuna eta biktima 16 urteko adingabea izatea larrigarritzat jo zituen epaimahaiak.

Gertakariak urtarrilaren 16an jazo ziren. Biktimaren 20 urteko ahizpa etxera heldu zen, eta neskatoa eta ama konorterik gabe aurkitu zituen. Larrialdi zerbitzuei abisua eman ondoren, osasun langileek emakumea suspertzea lortu zuten, baina adingabea hil egin zen.

Epaiketan Ministerio Fiskalak, akusazio partikularrak (biktimaren aitaren izenean) eta herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea) kartzela iraunkor berrikusgarria eskatu zuten. Epaiketa abenduaren 12tik 17ra egin zuten.

Hildako adingabeak sei botika ezberdin nolabait kontsumitu zituela frogatutzat jo du epaiak, horietako batzuk dosi hilgarrian. Amak eman zizkion, neskatoan izango zituzten ondorioak jakinda.

Epailea: "Biziarteko kartzela (nolabait leuntzeko espetxe iraunkor berrikusgarri deituta) gogorregia da"

Ondoren, adingabea hil behar zela ziurtatzeko, amak neskatoaren aurpegia bururdi batekin estali zuen itotzeko; hura defendatzeko kapaz ez zenean, dagoeneko loak hartuta zegoenean, sententziak erantsi duenez.

Amaitzeko amak botika berdinak hartu zituen, bere buruaz beste egiteko saiakeran. Ospitalean suspertu zutenean, alabari botikak eman zizkiola onartu zuen, baina gizon kaputxadun batek behartu zuela gaineratu zuen, epaiketan azaldu bezala; baina etxebizitzan beste pertsonarik izan ez zela diote frogek.

Nahiz eta akusatuaren aitorpena inguruabar aringarria izan, zigorra murriztea ezinezkoa da; izan ere, horretarako aringarri bat baino gehiago aurkitzea ezinbestekoa litzateke.

Hala ere, Nekane San Miguel epaia idatzi duen magistratuak azaldu duenez, "biziarteko kartzela (nolabait leuntzeko espetxe iraunkor berrikusgarri deituta) gogorregia da". Zentzu horretan, Konstituzio kontrakotasun helegitea aurkeztu diotela gogorarazi du epaileak. Balizko epai batean zigorra Konstituzioaren kontrakoa dela ebatziko balute, "presoaren aldeko berrikusketa bat egitea posible litzateke, jakina", erantsi du.

"Guzti horregatik, ez dut beste aukerarik izan", esan du magistratuak, eta akusatuari espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri behar izan dio. Bizkaian aplikatu duten aurreneko aldia izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Amak albisteak