Gizartea -
Nafarroa
Gazte bat hil da Gazolatzen, furgonetarekin zuhaitz baten kontra talka eginda
Istripua 16:00ak aldera jazo da, NA-7010 errepideko 5. kilometroan. 19 urteko mutila talka izan duen unean bertan hil da, eta Foruzaingoak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
19 urteko gazte bat hil da ostiral arratsaldean Nafarroako Gazolatz udalerrian, gidatzen zuen furgonetarekin zuhaitz baten aurka aurrez aurre talka eginda.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, trafiko-istripua 16:00ak aldera jazo da, NA-7010 errepideko 5. kilometroan. SOS Nafarroak esan duenez, gaztearen gorpua harrapatuta geratu da, eta Cordovillako suhiltzaileek atera behar izan dute furgonetatik.
Anbulantzia bat ere bertaratu da, baina ez du esku hartu behar izan, gaztea, talka izan duen unean bertan hil baita, medikuek baieztatu dutenez. Testuinguru horretan, Foruzaingoak ikerketa abiatu du, gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.
Gorpua, Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, 16:08an, 42 urteko motorzale bat larri zauritu da, sei metroko altueratik San Kristobal gotorlekuko lubakira erorita.
Nafarroako Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldea helikoptero batekin bertaratu da, eta, horrez gain, anbulantzia bat eta Foruzaingoaren patruila bat hurbildu dira.
Zauritua Nafarroako Ospitalera eramango dute, erreskate taldeak azaldu duenez.