Gizartea -
HERIOTZA-MEHATXUA
Kartzelan sartu dute Urduñan bizilagun baten ateari ustez tiro egin zion gizona
Ostegun gauean atxilotu zuten 42 urteko gizona eta gaur goizean espetxeratu dute Basaurin.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Ostegun gauean Urduñako bizilagun baten etxeko atearen kontra tiro egiteagatik Ertzaintzak atxilotutako gizona Basauriko espetxean sartzeko agindua eman du epaile batek.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 42 urteko gizonezkoa Bilboko guardiako epaitegiaren esku utzi zuten bart, eta epaileak espetxeratzeko agindu zuen.
Gertakaria abenduaren 26an jazo zen, 21:30ean. Ertzaintzak zabaldu duenez, gizona bizilagunaren etxebizitzara igo eta irainka hasi zen. Ondoren, heriotza-mehatxua egin zion, eta hainbat tiro egin zituen bere etxeko atearen kontra eskopeta batekin.
Laudioko ertzain-etxeko agenteek atxilotu zuten ustezko erasotzailea. Ondoren, ospitale bateko psikiatria-unitatera eraman zuten, eta han egon da atxilotuta, epailearen esku utzi arte.