Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Istripua izan duten autoak erretiratzeko zerbitzu arina aurkeztu dute
Datorren ostiralean, uztailak 1, hasiko da Euskadin udako trafiko-operazio berezia eta irailaren hasierara arte iraungo du.
Erredakzioa
A-8an istripu bat izandako ibilgailuak premiaz erretiratzeko zerbitzu berri bat aurkeztu du gaur Herrizaingo Sailak. Bide nagusi honetan auto-ilarak gutxitzeko eta hala, zirkulazioa bizkortzeko balioko du, Rodolfo Ares sailburuak azaldu duenez.
Datorren ostiralean, uztailak 1, hasiko da Euskadin udako trafiko-operazio berezia eta irailaren hasierara arte iraungo du. Trafiko-intentsitate nagusia, opor-irteerari begira, uztailaren 21etik 25era eta uztailaren 28tik 31ra emango dela aurreikusten du Jaurlaritzak. Itzulerari dagokionez, jario garrantzitsuak espero dira abuztuko azken hiru asteburuetan zehar.
Gidarien segurtasuna eta bide-sareko arintasuna bermatzeko, Ertzaintzako Trafiko Unitateetako ia 500 agente egongo dira errepideetan; gainera, polizia-etxeetako beste hiru mila ertzain eta Udaltzaingoetako hainbat kideren laguntza izango dute.A-8ko zirkulazioaren bizkortasuna hobetzeko martxan jarriko diren bi zerbitzu berrien errefortzua ere aurkeztu dute.
Ugaldebieta eta Liendo artean ohiz irekitzen den irteerako bide itzulgarriarekin batera (puntako egun eta orduetan arintasuna nabarmenki hobetzera lagundu du), A-8an ibilgailuen erretiratzea bizkortzeko zerbitzu berri bat ere ezarriko da uda honetan.
Trafiko Zuzendaritzak kontratatutako hiru garabi zainketa lanak egiten egongo dira etengabe, A-8ko ordutegi eta puntu gatazkatsuenetan istripu edo aberia bat izandako ibilgailuak ahalik eta lasterren erretiratzeko. Udal ibilgailu-gordailuetara eramango dituzte ibilgailuak, Zuzendaritzak eta udalek sinatutako akordio baten arabera, eta horrela, galtzadaren blokeatzea ekidingo da.
Basauriko korapilotik Kantabriako mugara arte doan A-8ko tartean banatutako hiru puntu estrategikotan kokatuko dira garabiak.
Zerbitzua izaera esperimentalarekin hasiko da uztailaren lehen astetik; udan jarri da martxan urteko denboraldi bereziki gatazkatsu honetan arintasun gehiago lortzeko indarrean dauden neurri orokorrei laguntzeko.
Udako irteera operazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak sentsibilizazio kanpaina bati eman zio hasiera, oraingo honetan, gidari gazteenei zuzenduta.
Jaurlaritzak adierazi duenez, oporretan zehar gazte askok erabiltzen dute kotxea, "gidaritzan esperientzia gutxien dutenak". Gidatzeak dituen arriskuen aurrean "sentsibilizatzeko" helburuarekin, eta alkohola edatean edo drogak hartzean "arrisku horiek biderkatzen direla ohartarazteko", Trafiko Zuzendaritzak kanpaina zehatza abiarazi du, ''Zure autoan edo nirean'' lelopean.
Humore "mikatza" erabiltzen du kanpainak, baina ondorio larriak zeintzuk izan daitezkeen ere argi eta garbi erakusten ditu.
Kanpaina uztailaren 1ean hasiko da eta euskarri ezberdinetan garatuko da: hainbat hedabideetan eta toki publikoetan jarritako kartelak erabiliko dituzte. Orotara 375.000 erabiliko dituzte.
Rodolfo Ares Barne sailburuak gidariei "kontu handiz" gidatzeko eskatu die. Zuhurrak ez diren gidaritzak ekidin eta "gurekin daudenen eta gainerako erabiltzaileen segurtasunean" pentsatu behar dela azpimarratu du sailburuak.
Trafiko zuzendaritzaren aburuz, oporretako bidaietan "modu erlaxatuan" gidatu behar da, "gidatzen ordu asko ematea saihestu behar da, atsedena hartu eta alkoholdun edariak alde batera utzi".