Gizartea -
Zirkulazio-istripuen balantzea
Motorzaleak, txirrindulariak edo oinezkoak dira EAEn istripuetan hildako gehienak
51 pertsona hil dira 2019an zirkulazio-istripuetan EAEn, 2018an baino 9 gehiago. 8.167 istripu izan dira, 2018an baino 332 gehiago, eta 425 pertsona larri zauritu dira.
eitb.eus
Aurten 51 pertsona (43 gizonezko eta 8 emakumezko) hil dira EAEko errepideetan eta kaleetan izandako zirkulazio-istripuen ondorioz: horietako 36 gidariak ziren (16 motor-gidariak, 19 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 1 bizikleta-gidaria), 2 autoko bidaiariak eta 13 oinezkoak. Halaber, 425 pertsona larri zauritu dira (2018an baino 16 gutxiago).
Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu dute EAEko zirkulazio-istripuen kopuruari buruzko datuen behin-behineko balantzea. Urtea amaitzear dagoela, guztira 51 pertsona hil dira, 2018an baino 9 gehiago, eta horietatik ia % 60 kolektibo zaurgarrietakoak ziren (16 motor-gidari, 13 oinezko eta txirrindulari bat). Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, 19 pertsona hil dira Gipuzkoan, 10 Araban eta 22 Bizkaian.
Aurten izan diren istripuen kopuruari dagokionez, aurreko urtearekin alderatuta igoera moderatua izan da. Abenduaren 26ra arte guztira 8.167 istripu izan dira (2018an baino 332 gehiago).
"Aurten, zoritxarrez, hildako gehiago izan ditugu EAEko errepide-sarean gertatutako zirkulazio-istripuetan, eta kolektibo zaurgarrietakoak, hau da, oinezkoak, txirrindulariak eta motor-gidariak, % 59 izan dira", adierazi du Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak.
Horiei zuzenduta daude bide-segurtasunaren arloko prebentzio- eta sentsibilizazio-programa espezifikoak, besteak beste, familiei zuzenduta dagoen 'Zirkulatzeko Prest' eta motor-gidariei zuzenduta dagoen 'Nire gurpiletan jar zaitez' Horrez gainera, 'Don`t be Dummy-Zuk ez duzu ordezkorik' programa batez ere gazteei eta gidari izan aurreko adinean daudenei zuzenduta dago.
Bestalde, nabarmendu du trafikoaren balantzeari buruzko datuak lehenbiziko aldiz atera dtuztela Euskadiko Trafiko Istripuen Biktimen Erregistrotik. Erreminta hori 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren baitan sortu da, eta helburua du istripu batean eragina duten faktore guztiak jasotzea, hain zuzen ere, Trafikoko eta Bide Segurtasuneko politikak egokitu ahal izateko ikerketa eta analisi lanak doitzeko.
2018an 42 pertsona hil ziren Euskadin izandako zirkulazio-istripuetan: horietako 29 gidariak ziren (14 motor-gidariak, 14 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 1 bizikleta-gidaria), 5 autoko bidaiariak eta 8 oinezkoak.
2019an orain arte 2018an baino gidari eta oinezko gehiago hil dira, baina bidaiari gutxiago. Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, behera egin du hildakoen kopuruak Araban (2018an baino 3 gutxiago), eta gora egin du Gipuzkoan (2018an baino 6 gehiago) eta Bizkaian (6 gehiago).
Datu horiek Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako istripuei dagozkie, eta hiri-bideetan eta hiri arteko bideetan trafiko-istripuetan izandako hildakoak ere hartzen dira barnean.