Gizartea -
Delitua
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, zerbitzugune batean lapurtzea leporatuta
Handik egun gutxira, Arrotxapea auzoko taberna batean lapurreta egiten saiatu zen 56 urteko gizona, baina udaltzainei emandako abisu bati esker ez zuen bere helburua lortu.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udaltzaingoak 56 urteko gizon bat atxilotu du, indarkeriaz egindako lapurreta baten ustezko egilea delakoan. Antza denez, zerbitzugune bateko arduradunari mailu batekin egin zion mehatxu. Atxilotua behin-behinean espetxean sartu dute, epailearen aurrean deklaratu ostean.
Abenduaren 26an, susmagarria Agustindarren industrialdeko gasolina zerbitzugunera joan zen goizaldean, ibilgailu batean.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, une jakin batean, establezimendu horretako arduradunarengana joan zen mailu bat eskuan zuela, eta mehatxu egin eta beldurtu ondoren, kutxan bildutako dirua hartu eta ihes egin zuen.
Ordubete geroago, Sanduzelai auzoko futbol zelaiaren ondoan aparkatuta zegoen ibilgailu batek su hartu zuen. Garrak itzali ondoren, su hartutako ibilgailuaren matrikula lapurretaren egileak erabilitako ibilgailuarekin bat zetorrela egiaztatu zuten udaltzainek.
Horren aurrean, ibilgailuaren jabeari deitu zioten, baina horrek esan zien ez zekiela zer gertatu zen, ibilgailua lapurtu ziotelako.
Egun batzuk geroago, Arrotxapea auzoko taberna batean lapurreta saiakera egin zuten, establezimenduko beira mailu batekin hausten saiatuta. Udaltzainei emandako abisu bati esker, baina, lapurrak ez zuen bere helburua lortu, eta orduan identifikatu zuten.
Atxilotua epailearen esku geratu zen atzo, eta espetxeratzeko agindua eman zuen.