Gizartea -

Nafarroa

Erasoak saihesteko ibilgailuetan kamerak jartzea aztertzen ari dira taxilariak

Errege gauean Iruñeko bi taxilariri egindako erasoek kezka eragin dute sektorean, eta Nafarroako Gobernuarekin zein Iruñeko Udalarekin zein segurtasun neurri hartu aztertzen ari dira.

Iruñeko taxi bi. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bi taxi Iruñean.
Iruñeko taxi bi. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñerriko taxilariak eta Foru Gobernua ibilgailuetan hainbat segurtasun neurri ezartzea aztertzen ari dira, erasoak eta bizikidetza arazoak saiheste aldera. Besteak beste, ibilgailuetan kamerak, ordainketa telematiko bidezko sistemaren bat edota 112 larrialdi zerbitzuarekin konexio zuzena jartzea proposatu dituzte.

Berta Miranda Garraio zuzendari nagusiak, Teletaxi San Fermin elkarteko kideek eta erakunde publikoetako (Nafarroako Gobernua, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza, Iruñeko Udala eta Iruñerriko Mankomunitatea) ordezkariek bilera egin zuten atzo, Errege gauean bi taxilarik pairatutako erasoa hizpide.

Batzarra amaituta Mirandak azaldu duenez, babes handiena izan duen neurria ibilgailuen barruan kamerak jartzea izan da.

Kiko Asin Teletaxi San Fermin elkarteko presidentearen hitzetan, taxilariek begi onez hartu dute, disuasio-neurria delakoan. Segurtasuneko kristalak jartzea, berriz, baztertu egin dute gidariek. "Klaustrofobia sentsazioa sor dezake, eta erabiltzaileen % 99 pertsona onak dira", azpimarratu dute.

Lapurretak saihesteko, hainbat neurri proposatu dituzte: ordainketa telematikoa edo Pidetaxi aplikazioaren sistema ezartzea, edota ibilgailuan diru gutxiago izatea, tartean.

Asinen arabera, taxilarien egunerokoan ohikoak dira bizikidetza arazoak. Azken urtean, lau eraso larri izan dira. "Asteburuetan, taberna inguruetan jazo izan dira, alkoholak eta drogak eraginda. Herrietan, jaietan gertatzen dira halakoan", adierazi du Teletaxi San Fermin elkarteko presidenteak. 

Azken boladan gora egin omen dute bizikidetza arazo horiek, eta familien ekonomiak hobera egiteari egotzi dizkio Asinek. Izan ere, "lehen, krisialdian, jendea gutxiago ateratzen zen, eta ateratzen zenak gutxiago edaten zuen. Orain, jendeak diru gehiago du, eta, ondorioz, gehiago edaten du. Gehiago harrotzen dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala