Gizartea -
RTVE
Alberto Oliart RTVEko presidenteak dimisioa aurkeztu du
Oliart 2009ko azaroaren 24an aukeratu zuten RTVEko presidente, Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren talde parlamentarioek adostuta, baina azkenaldian PPk gogor kritikatu du bere lana.
Erredakzioa
Alberto Oliart RTVEko presidenteak kargu utziko duela azaldu dio bere zuzendaritza taldeari, Efe albiste-agentziak zabaldu duenez. Une honetan RTVEko Administrazio Kontseiluarekin bilduta dago hartutako erabakiaren berri emateko.
Oliart 2009ko azaroaren 24an aukeratu zuten RTVEko presidente, Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren talde parlamentarioek adostuta. Negoziazio hartan Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Rajoyk hartu zuten parte.
Bi alderdiek ezinbestekotzat jo zuten PSOEk eta PPk adostutako presidentea izan behar zuela RTVEk, komunikabide horren independentzia eta aniztasuna bermatu ahal izateko. Gauzak horrela, Oliartek Luis Fernandezek utzitako kargua hartu zuen.
Akordioak akordio, azken hilabeteotan PPk gogor kritikatu du Oliart RTVEren kontrolerako batzordean. Alderdi Popularraren iritzian, Oliarten zuzendaritzapean informazio manipulatu da eta zerbitzu asko kanpoan kontratatu dira, Mediapro bezalako enpresei mesedez eginez.
Horren erakusgarri da joan den ekainaren 15ean Administrazio Kontseiluak Mediaprok ekoizten duen ''España Directo'' saioa emititzen jarraitzeko kontratua bertan behera geratu izana.