Gizartea -

Ezbehar larria

Lizarrako istripuan zauritutako bi emakumeek hobera egin dute

Hildako anai-arreben amak Nafarroako Ospitaleko zainketa berezien gelan jarraitzen du, baina egonkor dago. Umeen aitak ezbeharra eragin zuen autobusa hartu zuen, baina aurreko geltokian jaitsi zen.

Autobusak 15 auto harrapatu zituen. Argazkia: EFE
Autobusak 15 auto harrapatu zituen.
Autobusak 15 auto harrapatu zituen. Argazkia: EFE

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren dolu eguna da gaurkoa Lizarran, Aiegin eta Arroitzen, ostiraleko istripu larriaren ondoren. Autobus bateko gidariak ibilgailuaren kontrola galdu eta 15 auto jo zituen. Bi anai-arreba, 5 eta 8 urtekoak, hil eta bi emakume larri zauritu ziren. Hain justu, azken orduetan hobera egin dute bi zaurituek.

Hildako bi umeen amak Nafarroako Ospitaleko zainketa berezien gelan jarraitzen du, baina hobera egin du eta egonkor dago. Bestea, 34 urteko emakumea, Garcia Orcoyen Ospitalean dute, hanketan zauri larriak dituela.

Gaur jakin denez, hildako bi umeen aitak ezbeharra eragin zuen autobusa hartu zuen, Zaragozan senide bati bisita egin ostean etxera itzultzeko, baina aurreko geltokian jaitsi zen, Aiegin. Izan ere, Nafarroako herri horretakoa da familia.

Umeak Aiegiko Mater Dei eskolako ikasleak ziren. Ikastetxe horretako arduradunak lanean aritu dira asteburuan, ezbeharrean zendutakoen ikaskide zein eskolako irakasle eta langileei harrera berezia egiteko. Harrera pribatua izango da, ikastetxeak berak eskatuta. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak dituen baliabide guztiak eskaini dizkie (laguntza psikologikoa, tartean).

Autobuseko gidariak "lur jota" dagoela adierazi du. "Asko sentitzen dut, nik ere baditut seme-alabak, eta oso gaizki pasatzen ari naiz", esan du.

Bien bitartean, Foruzaingoak ikertzen jarraitzen du autobusak kontrola zergatik galdu zuen argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak errepideetan Nafarroa gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra Nerabezaroa albisteak Trafiko istripuen biktimak