Gizartea -
Bilbo
Zirkulazio aldaketak egongo dira igandean Bilbon, 'Areeta-Bilbo' lasterketa dela eta
Lasterketa, Areetako Eduardo Coste kaletik abiatuko da (Bizkaia zubiaren ondoan), 10:30ean, Uribitarte pasealekuan amaitzeko (Pio Baroja plazan).
eitb.eus
Igande honetan, urtarrilak 26, Areeta eta Bilbo arteko lasterketa herrikoiaren XXV. edizioa egingo da, eta, horren ondorioz, Bilboko erdiguneko kale batzuetan zirkulazio-aldaketak egingo dira. Halaber, Bilbobuseko geraleku batzuk ere aldatu egin beharko dira ibilbidean, Bilboko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Lasterketa, Areetako Eduardo Coste kaletik abiatuko da (Bizkaia zubiaren ondoan), 10:30ean, Uribitarte pasealekuan amaitzeko (Pio Baroja plazan). Zehazki, honako ibilbidea egingo dute lasterketan parte hartuko dutenek: Elorrieta ibaia- Deustuko kanaleko bidea (IDOMeraino) - Zarandoa etorbidea - Morgan - Ballets Olaeta - Euskalduna zubia - Olabeaga kaia - Ramón de la Sota - Evaristo Churruca y Brunet - Ingelesen landa - Uribitarteko pasealekua.
Hala, 10:45etik 12:00etara bitartean, gutxi gorabehera, zirkulaziorako itxi egingo dira Carmelo Bernaola tunela (Bilboko noranzkoan) eta Zarandoa etorbidea. Dena dela, ordezko bidea egokituko da Agirre Lehendakariaren etorbidetik. Bidea txandaka emango zaie ibilgailuei Kanariar Uharteen kalean, Agirre Lehendakariaren etorbidearen eta Aragoi kalearen artean, 11:30ak arte, gutxi gorabehera.
Horrez gain, 10:45etik 12:00etara bitartean, gutxi gorabehera, Frank Gehry zubia noizbehinka itxiko da. Zorrotzaurreko sarrera-irteerak Julio Urquijo kaletik egingo dira; noranzko bietarako erreiak egokituko dira eta seinalistek emango dute bidea, kirol probaren bilakaeraren arabera. Ordu-tarte horretan galtzada okupatuko da Euskalduna zubian eta noranzko bakoitzean errei bana libre utziko da ibilgailuentzat.
Ordu berean, hau da, 10:45etik 12:00etara bitartean, Olabeaga auzora iristeko zirkulazio-erreia okupatuko da, Jesusen Bihotza plazako biribilgunean hasita, Bilbobus zerbitzuarentzat izan ezik. Zerbitzu honi seinalisten bidez emango zaio bidea. Ibilgailu partikularrak Ventosa bidetik (metro biko altueratik beherako ibilgailuak bakarrik) sartuko dira auzora.
Azkenik, 06:00etatik 16:00etara bitartean, gutxi gorabehera, Uribitarte pasealekuko aparkalekua kenduko da, Udaletxeko zubiaren eta Acebal Idigoras kalearen artean. Okupatuko diren aparkalekuetan hesiak jarriko dira aurretiaz.