Itxi

2020/01/27

08:53

Gizartea

Bilboko metroa

Ibarbengoako geltokia martxan jartzeko administrazio-izapideak amaitzear daude

Aitor Oviedo | eitb.eus

Getxoko geltokiaren inaugurazioa aurreikusitakoa baino gehiago atzeratu da, geraleku horren ondoko disuasio-aparkalekuaren obrak direla eta.

  • Ibarbengoako geltokia (Getxo), Bilboko Metroaren 1. Lineari dagokiona.

    Ibarbengoako geltokia (Getxo), Bilboko Metroaren 1. Lineari dagokiona. Argazkia: Aitor Oviedo

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Bilboko Metroaren 1. Linean  (Etxebarri-Plentzia) dagoen Ibarbengoako (Getxo) geltokiaren ondoko disuasio-aparkalekuaren lanak amaituta daude jada. Hala, geltoki berria inauguratzeko azken administrazio-izapideen faltan, dena prest dago trenak Andra Mari auzoko geraleku berri horretan hartu ahal izateko.   

Testuinguru horretan, "ziurrenik urteko lehen hiruhilekoan" jarriko da martxan geraleku berria, martxoa amaitu baino lehen, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eitb.eus-i baieztatu dionez. Horrenbestez, Aste Santuan zerbitzua eskaintzeko moduan izatea espero dute. Bitartean, beharginek azken lanak egiten jarraitzen dute.

Ibarbengoako lurgaineko tren geltokia Bilboko Metroak Getxon izango duen zazpigarren geltokia izango da, eta Bilboko itsasadarraren eskuinaldetik joaten diren bidaiariei emango die zerbitzua. Puntako orduetan, trenak 5-6 minutuan behin igaroko dira Bilborantz. Gainera, Bidezabalgo eta Berangoko geltokien artean dagoenez, 2. guneko tarifa izango du.

Geraleku horretako lanak 2008an hasi zituzten eta hiru urte iraun dute, baina hasiera batean aurreikusitakoa baino gehiago atzeratu da inaugurazioa, geltokia guztiz amaituta egon arren. Urte hauetan, trenak ez dira Ibarbengoako nasetan gelditu, geltokiaren ondoan disuasio-aparkaleku bat eraikitzeko zain egon baitira.

Amaitu berri duten aparkaleku horrek 304 plaza ditu, eta horietako zazpi mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat izango dira. Azpiegiturak hiru solairu eduki arren, horietako bi lurpean daude. Ibilgailua 70 zentimo ordainduta utzi ahalko da aparkaleku estalian, egun osoan, "metroaren zerbitzuaren ordutegiak errespetatzen badira eta garraio hori erabiltzen bada".

Ildo horretatik, sarbidean hobekuntzak egin dituzte. Trenbidearen ibilbidearen parean dagoen eta Ormazako Bidexkarekin lotura duen errepidetik helduko da aparkalekura, eta horrela, bide horren eragina ahalik eta txikiena izango da.

Aparkalekuaren aurrekontua 5,8 milioi eurokoa izan da, eta, hori ere kontuan hartuta, Bilboko Metroak lau disuasio-aparkaleku izango ditu guztira: Ibarbengoan, Leioan, Etxebarrin eta BECen.

Alabaina, parking hori landa-eremu baten erdian eraikitzeak polemika sortu du. 2014an, Andra Mariko bizilagunek Tosu Betirako plataforma sortu zuten, landa-eremua babestea aldarrikatzeko. Horretarako, "erresistentzia baketsua" egin zuten modu aktiboan, hitzaldiak, tailerrak eta kanpaldi bat antolatuz aparkalekua egin duten inguru horretan.

Tarifa berriak, indarrean

Bestalde, Bilboko Metroaren aurtengo tarifa berriak urtarrilaren 23an sartu ziren indarrean. Creditransekin egindako bidaiak 0,93 € (gune bat), 1,10 € (bi gune) eta 1,20 € (hiru gune) balioko du. Hilabeteko bonuen kasuan, 30 egunean 50 bidaia egitea 32 € (gune bat), 37,8 € (bi gune) eta 43 € (hiru gune) balioko du. Halaber, epe berean 70 bidaia egitea 38 € (gune bat), 44 € (bi gune) eta 50 € (hiru gune) balioko du. Bidaia mugagabeak, aldiz, 46 € (gune bat), 51 € (bi gune) eta 56 € (hiru gune).

Bizkaian erroldatutako 26 urtetik beherako gazteen kasuan, Gazte 70 bonua erosi ahalko dute, eta horri esker, hilean 70 bidaia egin ahalko dituzte, 32 €, 37 € edo 42,70 € ordainduta, gune kopuruaren arabera. Halaber, eskura dute Gazte ORO bonua, 30 egunean nahi beste joan-etorri egiteko, 39 €, 43 € edo 47 € ordainduta, ibilbidearen arabera, eta Urtekoa26, urtebetean nahi beste bidaia egiteko, 233,5 €, 270,5 € edo 312 €-ren truke.

65 urtetik gorakoek, berriz, 0,36 euroko tarifa finkoa izango dute hiru guneetarako. Azkenik, bidaia bakarrerako txartelak 1,65 €, 1,85 € edo 1,90 €-ko prezioa izango du, gune kopuruaren arabera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;