Gizartea -
Guraso baimena
Eusko Jaurlaritzak 24 astera igoko du guraso baimena guraso bakarreko familientzat
Neurria atzeraeraginezko izaerarekin ezarriko zaie euskal administrazioko 70.000 langileri.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak administrazioko langileen kontziliazio baimenak berdintzeko dekretuaren zirriborro bat bidali dio Eusko Legebiltzarrari. Hartan, 18 asteko guraso baimena (% 100 ordainduta) 24 astera igotzea proposatu du guraso bakarreko familientzat.
Azaldu dutenez, bi seme-alaba berri baino gehiago izatean baimena bi aste gehiagokoa izatea aurreikusten da, eta beste bi asteko edozein desgaitasun izanez gero.
Dekretua onartuta, neurriak administrazio autonomikoan lan egiten duten 70.000 langileri eragingo die, Administrazio Orokorra, Justizia, Ertzaintza, Osakidetza eta Hezkuntza barnebilduz. Gainera, "sektore publiko autonomiko guztira" zabaltzeko aukera ematen du.
Neurriak atzeraeraginezko izaera izango du eta Euskal Administrazio Publikoak onartutako kasuetan emango da jaiotzagatik, adopzioagatik, zaintzagatik edo harreragatik.
Dekretu "aitzindaria"
Dekretuaren helburua familia eta lan bizitza bateratzea hobetuko duten politika publikoetan aurrera egitea da, "ezinbesteko pausua jaiotza-tasa bultzatzeko eta Euskadik aurretik duen erronka demografikoari heltzeko", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak.
Horri dagokionez, administrazio publikoek "esparru publikoan neurri aurrerakoienak ezartzeko" beharra dutela nabarmendu du, bide horretatik pixkanaka lan esparru pribatura zabaltzeko.
Era berean, neurri hori "aitzindaria" dela azpimarratu du familia eredu berrien errespetuan eta babesean, hau da, ama edo aita bakarra duten familien kasuan.