Gizartea -

Osasuna auzia

Osasunako jokalarien artean ez zen partidak erosteaz hitz egin, Puñalen hitzetan

Talde gorritxoaren kapitain ohiak azaldu du jokalariek 230.000 euroko saria jaso zutela esku-dirutan, baina dirutza kendu zietela gero, Bigarren Mailara jaitsi zirelako.

Puñal, Iruñeko Justizia Jauregira sartzen. Argazkia: EFE
Puñal, Iruñeko Justizia Jauregira sartzen.
Puñal, Iruñeko Justizia Jauregira sartzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Puñal Osasunako jokalari ohiak Osasuna auziko epaiketan nabarmendu duenez, jokalarien artean ez zen, "inondik inora", partidak erosteaz hitz egin, eta horren inguruan ez zuen "inolako zurrumurrurik" entzun.

Puñalek lekuko gisa deklaratu du gaur, instrukzio fasean ikerketapean egon bazen ere. Fiskalak egindako galderei erantzunez, adierazi du ez dakiela zuzendaritzak iruzurra egiteko "akordiorik egin ote zuen", eta argitu du berak ez duela "inoiz" talde aurkarien presidenterekin hitz egin.

Susmopean dauden partiden inguruan ere itaundu dio fiskalak. Horren harira, Puñalek esan du 2013-2014 denboraldiko Espanyolen kontrako berdinketan ez zela amarrurik izan eta Betis-Valladolid norgehiagokaren kontura "diru-saririk izan ote zen" ez dakiela. Sadarren Betisen aurka jokatu zuten denboraldiko azken partidari buruz, adierazi du ez dakiela talde andaluziarrari 250.000 euro eman ote zizkioten irabazten uzteagatik. "Asko koskatu zitzaigun, hortxe-hortxe ibili ginen. Nerbio askoko uneak dira", azaldu du.

Denboraldi berean Osasunako jokalariek jasotako sariei buruz, argitu du bi zatitan kobratu zutela: lehenengo, 100.000 euro eta gero, beste 130.000 euro. "Dirutza mailari eustearen baldintzapean eman ziguten. Bigarren Mailara jaitsi ginenez, dirua likidaziotik kendu ziguten".

Puñalen arabera, dirutza esku-dirutan jaso zuten, baina ez daki "klubaren fiskalitatean jaso ote ziren". "Profesionaletan jokatu dudan urte guztietan modu askotara kobratu dut, batzuetan esku-dirutan, beste batzuetan txeke bitartez...", nabarmendu du.

Iruñeko justizia jauregira sartu baino lehen kazetariei esan dienez, auzia "lehenbailehen amaitzea"  nahi du. "Zerbait txarto egin duenak ordain dezala", erantsi du. Ahozko saioan atera diren kontuek harritu ote duten galdetuta, "bai, batzuek dezente", erantzun du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Osasuna Iruñea Nafarroa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak