Gizartea -
Cavadas zirujauaren eskutik
Bi hanken transplantea egin dute munduan lehen aldiz, Valentzian
Aurrekaririk ez dituen ebakuntza hura arrakastatsua izan da. Hartzaileak "urteak iraun lezakeen" errehabilitazioa egin beharko du.
Erredakzioa
Pedro Cavadas doktoreak Valentziako Universitari i Politecnic La Fe ospitalean egin du munduko bi hanken lehen transplantea, Osasun Kontseilaritzak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Ebakuntza arrakastatsua izan bada ere, hartzaileak errehabilitazioa "oso gogor" bat egin beharko du, "hilabete asko edo urteak iraun lezakeena".
"Konplexutasun handiko" ebakuntza izan da, mundu mailan aurrekaririk ez daudelako. Ebakuntza egiteko baimena duela urtebete eman zuen Transplanten Sistema Nazionalaren Lurraldeen arteko Kontseiluko Transplante Batzordeak.
Cavadas hautatutako hartzailea belaunen gainetik bi hankak moztuta zituen gazte bat da. Bere arazoa konpontzeko beste biderik ez zegoen eta osasunari, etikari eta legeari erreparatuz, Transplante Batzordeak ezarritako irizpide guztiak betetzen zituen. Gainera, gazteak bizitza osoan zehar transplantea ez errefusatzeko sendagaiak hartu beharko dituela onartu zuen.
Ondorioz, "ebakuntzaren aldekoak eta kontrakoak" argi zituela ebatzi ostean, hartzailearekin bateragarria izan zitekeen emaile bat bilatzeari ekin zioten.
Cavadasen mediku taldeak egindako beste ebakuntza aitzindarien artean, 2008an Espainian egindako besoen transplantea (munduko bigarrena) eta 2009an Espainian egindako aurpegiaren transplantea (munduan egindako zortzigarrena baina mihia eta masailezurra ere hartzen duen lehen transplantea mundu mailan) aipa ditzakegu.