Gizartea -
2007an graduatuak
EHUko tituludunen % 79k lana aurkitu zuten sei hilabetera
Halere, lanpostu egonkorra tituludunen % 49k soilik dute, aurreko ikerketarekin alderatuta 4 puntu gutxiagok.
Erredakzioa
2007an lizentziatu ziren Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) pertsonetako % 79,2k lana aurkitu zuten sei hilabetera, eta horietako hamarretik ia bederatzik (% 87) euren maila akademikoarekin zerikusia zuen lanpostuan. Halere, lanpostu egonkorra tituludunen % 49k soilik dute, aurreko ikerketarekin alderatuta 4 puntu gutxiagok.
Hala azaldu du gaur goizean Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, "Euskal Herriko Unibertsitatean 2007. urtean titulua lortu duen Promozioaren Laneratzeari buruzko Azterlanak" aurkeztean, Bilbon.
Ikerketa 7.265 tituludunetik 5.667ren iritziak jasota egin dute, euskal unibertsitateak eskaintzen dituen 78 tituluren batean titulua dutenen artean. Jasotako emaitzek erakusten dute "krisian egon arren, gure tituludunek lanpostu bat aurkitzen jarraitzen dutela ikasgeletan egindako esfortzuaren ondoren", adierazi du Zabaletak.
Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak gogora ekarri duenez, "zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, aukera gehiago daude lana aurkitzeko". Jarduera-tasa altuenak osasunarekin erlazionatutako ikasketen arloan (%90) eta karrera teknikoetan (%83) daude aldiz, baxuenak humanitateen alorrean (% 68).