Gizartea -
Gipuzkoa
Espetxeratu egin dute Tolosan atxilotutako etxebizitza-lapur talde bat
70 etxebizitza zituzten markatuta, eta horietako bitan lapurtu ostean atxilotu zituen Ertzaintzak.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Estatuko hainbat etxebizitzatan lapurretan egin duen talde bateko lau kide espetxeratu dituzte, Ertzaintzak Tolosan lapurretan egin ostean atxilotutakoak.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, aurreko otsailaren 9an harrapatu zituzten lapurrak, zelatatzen ari zirenean. 70 bat etxebizitzatan jarritako markak egiaztatzen ari ziren lapurrak, eta horietako bitan lapurretan egin ondoren atzeman zituzten.
Esquadra Mossoek jakinarazi zioten Ertzaintzari, hilaren hasieran, hiru georgiarrek osatutako talde bat zebilela Kataluniako eta Espainiako Estatuko beste leku batzuetan lapurretak egiten.
Ertzaintza aurretik ere ikertzen ari zen, Gipuzkoan, Mossoek aipatutako jokatzeko modu berarekin egindako hainbat lapurreta.
Informazio horren arabera, lapurrak alokairuko ibilgailuetan ibiltzen ziren eta, silikona hariekin edo antzekoekin, etxebizitza ugari markatzen zituzten, jabeak ohartu gabe lapur zezaketen jakiteko.
Tolosara iritsi zirenean, ikertzaileek zelatatu zituzten, eta ikusi zuten atari askotan egiten zituztela sartu-irtenak. Geroago egiaztatu zuten bezperan jarritako markak begiratzera joan zirela, eta 70 baino gehiago jarri zituztela Tolosan eta inguruan.