Gizartea -
Iragarpena
Euskal kostaldean abisu horia ezarri dute 4 metrorainoko olatuengatik
Gaur, bihar eta etzi zazpi abisu hori izango dira indarrean itsasaldeko arriskuagatik. Hori dela eta, Donostiako Pasealeku Berria itxita egongo da larunbatean
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zazpi abisu hori ezarri ditu itsasaldeko arriskuagatik, gaur, bihar eta etzi lau metrorainoko olatuak egon daitezkeelako. Horrez gain, iganderako beste abisu hori bat izango da indarrean haizeagatik.
Zehatz esanda, ostiralean, 00:00etatik 18:00etara, nabigaziorako abisu horia jarri dute, 3,5-4 metroko olatuengatik. Arratsalde-gau partean, baina, 3-3,5 metrokoak izango dira.
Era berean, 20:00etatik 21:00etara, itsasaldeko arriskuagatik beste abisu hori bat deitu dute, kasu honetan, 3-3,5 metroko olatuek kostaldean egin ditzaketen kalteengatik. Itsasgora 20:35ean izango da, eta 4,17 metroko marea izatea espero dute.
Larunbatean, hiru abisu egongo dira indarrean: nabigaziorako bat eta kostaldeko inpaktuagatik bi. Lehenengoan (09:00etatik 24:00etara) 3,5 metroko olatuak espero dira goizean, eta 4koak egunaren bigarren partean. Gauean, 3,5 metrokoak izatea aurreikusi dituzte.
Olatuek kostaldean egin ditzaketen kalteengatik ezarriko diren abisuek itsasgorekin bat egingo dute. Hala, aurrenekoa 08:00etatik 10:00etara egongo da indarrean, eta bigarrena, 21:00etatik 22:00etara. Estimatutako mareen altuerak 4,19 metrokoa eta 3,93 metrokoa izango dira, hurrenez hurren. Olatuak 3-3,5 eta 4 metroko ingurukoak izango dira.
Hain zuzen, iragarpenen aurrean, Donostiako Udalak Pasealeku Berria itxi egingo du larunbatean, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. Horrez gain, Leizaola pasealekua eta Haizearen Orrazia ere egongo dira oinezkoentzat itxita.
Bideoa | 4 metrotik gorako olatuak ari dira iristen Donostiara, ostiral honetan
Horrez gain, hego-ekialdeko haizeak zakar joko du, eta hori dela eta, abisu horia izango da gauerditik eguerdira. Bizkaiko haizeguneetan 100 km/h-tik gorako boladak izan daitezke. Gainerako haizeguneetan hego-mendebaldeko haize-boladak 80-100 km/h ingurukoak izan daitezke. Bestalde, Bizkaian, haizeguneak ez diren tokietan haize-boladak 60-70 km/h ingurukoak izan daitezke.