Gizartea -
Ikerketa baten arabera
Euskaldunen heren batek ingelesez hitz egiten eta idazten dakiela dio
Espainia osoa baino bederatzi puntu gorago daude. Arrazoi nagusiak honako hauek dira: bidaiatu ahal izateko, hizkuntzak jakitea gustuko dutelako eta lanean hobetzeko.
Erredakzioa
Euskaldunen heren batek (% 32) ingelesez hitz egiten eta idazten dakiela dio; Espainia osoa baino bederatzi puntu gorago daude. % 11ek frantsesez, % 2k alemanez eta % 3k beste hizkuntza batean dakite gauza bera egiten. Gainera, gehiengoak hiru hizkuntza erakusteko Eusko Jaurlaritzaren proiektua ezagutu eta onesten du.
Eusko Jaurlaritzak ekainean egindako azterketaren emaitza batzuk dira horiek. Euskadin, 18 urte baino gehiagokoei telefono bidez egindako 1.200 elkarrizketek osatu dute lagina.
Galdegindako pertsonen adinaren arabera, mota bateko edo bestelako emaitzak daudela nabarmendu du ikerketak. 18-29 urte arteko pertsonen % 72k ingelesez hitz egin eta idazten dakitela diote, zehaztasun gehiagorik eman gabe; baina ehunekoa gutxitzen doa adinak aurrera egin ahala: 30-45 urte artekoentzat % 37, 46-64 urte arteko taldearentzat % 14 eta 65etik gorakoentzat % 5.
Hizkuntza ikasi nahiak ondorengo arrazoi nagusiak ditu: beste herrialdeetara bidaiatu ahal izateko (% 39), hizkuntzak jakitea gustuko dutelako (% 28), lanean hobetzeko (% 18), ikasketengatik (% 3) eta beste arrazoi batzuengatik (% 6).