Gizartea -
Ikerketak abian jarraitzen du
Atxilotu bat, Berriozarreko hilketarekin zerikusia duelakoan
Biktima, 51 urtekoa, ezkonduta zegoen eta bost seme zituen. Txatarra biltzen zuen eta bizirik aurkitu zuten ostegunean, 07:30ak aldera, gorpuan kolpe ugari zituela.
Erredakzioa
Guardia Zibilak iragarritakoaren arabera, pertsona bat atxilotu dute ustez ostegunean Berriozarren hildako gizonezkoarekin zerikusia duelakoan . Biktimak indarkeria zantzu nabarmenak zituen gorputz osoan.
Biktima, 51 urtekoa, ezkonduta zegoen eta bost seme zituen. Txatarra biltzen zuen eta bizirik aurkitu zuten ostegunean, 07:30ak aldera, gorpuan kolpe ugari zituela; buruan batez ere. Gizonezkoa handik gutxira hil zen Nafarroako Ospitalean.
Kasua Guardia Zibilaren eskuetan dago eta sekretupean. Guardia Zibila izan da, hain zuzen, goizean "ustezko hiltzailearen" atxiloketaren berri eman duena. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Hilketaren ingurukoak ez daude oraindik oso argi. Guardia Zibilak "hainbat hipotesi" dituela esan zuen hasieran gertatutakoa azaltzeko eta atxiloketa gehiago egotea ere ez dute baztertu.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak iragarritakoaren arabera, atxilotua igandean eramango dute epailearengana.