Gizartea -
Nafarroa
Bankuen izenean bidalitako mezuen bidez iruzur egiten saiatu dira Nafarroan
Bankuko kontua behin-behinean blokeatu dietela ohartarazten diete gaizkileek erabiltzaileei, testuarekin batera jartzen duten helbidean klik egin dezaten.
Agentziak | Erredakzioa
SMS bidez egindako iruzur saiakerak ikertzen ari dira Nafarroan, Guardia Zibilak ostegun honetan jakinarazi duenez. Gaizkileek, bankuen izenak erabiliz bidaltzen dituzte mezu horiek, herritarren datu pertsonalak lapurtzeko.
Guardia Zibilak ohar batean azaldu duenez, bankuko kontua behin-behinean blokeatu dietela ohartarazten diete mezu horietan erabiltzaileei, testuarekin batera jartzen duten helbidean klik egin dezaten.
Esteka horrek, ordea, webgune faltsu batera eramango gaitu. Bertan, datu pertsonalak sartzeko eskatzen dute, hala nola, NANa, telefono zenbakia edo internet bidez bankura sartzeko erabili ohi diren gakoak.
Iruzur mota hori phising izenarekin ezagutzen da. Internet bidez aritzen diren gaizkileek datu pertsonalak edo bankuko informazioa lortzeko gehien erabiltzen duten tekniketako bat da.
Gauzak horrela, mota horretako mezuren jasoz gero zuzenean banketxera edo kreditu txartelen atzealdean agertzen den zenbakira deitzea gomendatzen du Guardia Zibilak, baina inoiz ez SMS horretan agertzen den telefonora, ezta esteka sakatzea ere.
Ildo horretatik, datu pertsonalak gaurkotzeko orduan bankuek ez dituztela horrelako metodoak erabiltzen gogora ekarri du Guardia Zibilak, eta are gutxiago pasahitzak eguneratzeko.
Iruzur horren edo beste baten biktima izanez gero, herritarrentzako arreta-bulegoetan salaketa jartzea gomendatu dute.