Gizartea -
Eguraldia
Tenperaturek gora egingo dute zertxobait
Astea eguraldi aldakorrarekin hasiko dugu; ordu nagusietan giroa eguzkitsua eta atsegina izango da. Gauean euria egingo du berriz.
Erredakzioa
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, astea eguraldi aldakorrarekin hasiko dugu. Goizean goiz hodeiguneak nagusituko dira kostaldean eta euria egingo du, baina segituan atertuko du. Eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan giroa eguzkitsua eta atsegina izango da. Tenperatura altuenak 21-24 ºC artean kokatuko dira. Arratsaldean, ordea, haizea ipar-mendebalderantz joango da eta hodei gehiago egongo dira. Gauean euriteak iritsiko dira berriz.
Asteartean, egunaren lehen zatian zerua lainotuta egongo da eta euria egingo du. Goizean atertu egingo du hegoaldean eta urdingune zabalak irekiko dira arratsaldean. Aldiz, kantauriar isurialdean kosta egingo zaio atertzea. Tenperatura jaitsi egingo da, Ebroko bailaran soilik gaindituko ditu 20 ºC.
Asteazkenean, kantauriar isurialdea lainotuta egongo da eta zaparrada txikiak botako ditu, batez ere ipar-ekialdean: Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean. Arratsalde partean euria hegoaldera ere zabaldu daiteke, baina ia egun osoan giro eguzkitsua nagusituko da. Haizea orokorrean baretu egingo da eta eguneko tenperaturek gora egingo dute zertxobait.