Gizartea -
Arriaga Plazan
Bilboko 'suminduen' kanpaldia hustu du Udaltzaingoak
30 poliziek hartu dute parte gaur goizeko operazioan. Ez da istilurik izan eta "suminduek" poliziaren aginduak bete egin dituzte, Bilboko Udalaren arabera.
Erredakzioa
Bilboko Udaltzainak, Ertzaintzaren laguntzarekin batera, Arriaga Plazako suminduen kanpaldia hustu du gaur goizean, 6:30etan. Polizia heltzean 69 lagun egon dira kanpaldian, Bilboko Udalak ohar batean azaldu duenez.
30 poliziek hartu dute parte gaur goizeko operazioan. Ez da istilurik izan eta "suminduek" poliziaren aginduak bete egin dituzte, iturri berdinaren arabera. Suminduek haien identifikazioa erraztu egin dutela jakinarazi du Udalak.
Udalak azaldu duenez, kanpaldian egon diren 69 pertsonen artean 14k espainiar naziotasuna zuten, 46 magrebtarrak ziren eta gainerako 9ak beste herrialde batzuetakoak.
Operazioa bukatzean, 27 langile Arriaga Plaza garbitzen hasi dira. 18.000 kilo tresna eta zabor eraman dituzte, eta plazatik gertu agertu diren pintadak ere ezabatu dituzte.
M-15 mugimenduko bozeramaileek Udalaren erabakia gogor kritikatu dute, haiekin "inork" ez duelako harremanik izan. Kanpaldiaren bukaera gaur arratsaldean aztertuko dute.