Gizartea -
Greba basatia
Aire-kontrolatzaileen lanuzteko kaltetuek Aena auzitara eramango dute
Astelehen honetan lau kontrolatzailek deklaratu behar zuten, baina bakarrik bi aurkeztu dira. Izan ere, langileetako bat amatasun-bajan dago eta bestea gaixorik zegoen.
Erredakzioa
Abenduko lanuzteak kaltetutako bidaiarien elkarteak Aena auzitara eramango du kalte-ordaina eskatzeko, enpresa publikoa kontrolatzaileen "greba basatiaren arduraduna" dela uste duelako. Gainera, lanuztea saihesterik bazegoela uste dute.
Luis Vericat Cremades y Calvo Sotelo abokatu-langelako ordezkariak eman du auziaren berri Madrileko Plaza de Castillako epaitegietan. Barajas eta Torrejon zentroetako bi kontrolatzailek deklaratu dute gaur bertan.
Astelehen honetan lau kontrolatzailek deklaratu behar zuten, baina bakarrik bi aurkeztu dira. Izan ere, langileetako bat amatasun-bajan dago eta bestea gaixorik zegoen, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.
Bi kontrolatzaileek ez dituzte akusazioaren galderak erantzun. Horrez gain, abenduko lanuztea adosturik ez zegoela azaldu dute eta lanpostuan ez izateko arrazoi medikuak argudiatu dituzte.
"Estresa"
Carlos Vila aire-kontrolatzaile baten abokatuak azaldu duenez, bere bezeroa "artega jarri" zen hegazkin eta helikoptero bat talka egiteko zorian izan ostean. Ondorioz, lanpostua utzi behar izan zuen.
Argudioek ez dute Luis Vericat kaltetuen abokatua konbentzitu. Horregatik, 400 kontrolatzaile batera gaixo izatea "kasualitatea" izan daitekeenik baztertu du Vericatek.
Barajas eta Torrejoneko 16 kontrolatzailek deklaratu behar dute osteguna bitartean. Agerraldiek irailean jarraituko dute.