Gizartea -
A-8 autobidean
Gizon bat larri zauritu da Mendaron izandako istripuan
A-8 autobidean Bilboko noranzkoan zihoazen kamioi batek, auto batek eta furgoneta batek talka egin dute. Zauritua furgonetako gidaria da.
Erredakzioa
39 urteko gizon bat larri zauritu da gaur, kamioi batek, furgoneta batek eta auto batek A-8 autobidean talka egin ostean. Ezbeharra Mendaro (Gipuzkoa) parean jazo da, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Istripua 13:00ak aldera gertatu da, A-8 autobidean Bilboko noranzkoan zihoazen kamioi batek, auto batek eta furgoneta batek talka egin dutenean.
Zauritua furgonetako gidaria da. Furgonetak kamioiaren atzealdea bete-betean jo du.
Biktima furgonetatik ateratzeko Gipuzkoako suhiltzaileen parte-hartzea beharrezkoa izan da. Zauritu larria Donostiako Ospitalera eraman dute.
Ezbeharrak auto-ilarak sortu ditu A-8 autobidean, baina 16:00ak aldera normaltasuna itzuli da.