Gizartea -
Auzitegi Gorenaren erabakia
Dibortziatuz gero, etxeko lanak ordaindu egin behar dira
Ezkonduta egondako hilabete bakoitzeko 600 euroko kalte-ordaina jasotzeko duen eskubidea aitortu dio Auzitegi Gorenak etxekoandre bati.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren doktrina aitzindariaren arabera, ezkonlagunetako batek ezkontzaren zamari etxeko lanak eginez laguntzeagatik konpentsatzioa jasotzeko eskubidea izango du, ondasunen banantzea izan arren.
Irizpen hori emateko bidea emakume batek jarritako salaketak ireki zuen, elkarbizitzak iraun zuen bitartean etxeko lanak egiteagatik 167.400 euro erreklamatu baitzituen. 2007an, Mostoleseko (Madril) lehen auzialdiko epaitegiak arrazoia eman zion, baina diru-kopurua jaitsi zuen: senar ohia 108.000 euroko kalte-ordaina ematera behartu zuen. Epaitegiak kopuru hori honela kalkulatu zuen: "hilabetean etxekoandre batek irabaziko lituzkeen 600 euroak 12 hilabetegatik biderkatuta eta ondoren, ezkonduta egon diren 15 hilabeteengatik" .
Bikotekide ohiak helegitea aurkeztu zuen Madrileko Probintzia Auzitegian, ondasunen banantzea "libreki hitzartuta " geratu zela defendatuta.
2008an, Probintzia Auzitegiak baliogabetu egin zuen etxeko lanengatik konpentsazio ekonomikoa jasotzeko emaztearen eskubidea.
Kode Zibilean
Emakumeak helegitea jarri zuen epai horren aurrean, eta, orain, Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salak arrazoia eman dio. Kode Zibilaren arabera, etxeko-lanekin ezkontzak dakartzan zametan lagundu daiteke, eta "ekarpen horrek ez du zertan diru eran izan behar" esan du Auzitegi Gorenak.
Bikotearen alabaren zaintza emakumeari eman diote epaileek. Halaber, 108.000 euroko kalte-ordainaz gain, emazte ohiarentzat 1.000 euroko konpentsazio-pentsio bat ezarri dute, eta adingabearentzat, 800 euroko elikadura-pentsio bat.