Gizartea -
Pirinioetan
24 adingabe erreskatatu dituzte Huescako mendi batean
Behe-lainoak harrapatuta geratu ziren Pico Cascotik gertu, Fanlon. Guardia Zibilak atzo jaso zuen abisua eta helikopteroak gaur aurkitu ditu.
Erredakzioa
28 laguneko talde bat, 24 adingabez eta 4 helduz osatua, erreskatatu du Guardia Zibilak Casco menditik gertu, Fanlon (Huesca), behe-lainoak harrapatuta geratu ostean.
Benasqueko Mendiko Guardia Zibilak atzo jaso zuen mendizaleen abisua, 18:15 aldera, behe-lainoak harrapatuta zeudela ohartaraziz. Zorionez, lotarako zakuak, janaria eta kanpin dendak zeramatzaten.
Taldearen arduradunarekin telefonoz hitz egin zuten eta gaua pasatzeko leku babes bat bilatzeko aholkatu zioten. Izan ere, erreskate-taldeei ezinezkoa zitzaien helikopteroz bertara heltzea haizeagatik eta behe-lainoagatik.
Gaur, helikopteroaren laguntzarekin aurkitu dute mendizale taldea Casco menditik gertu. Haize gogorraren ondorioz, ezin izan dituzte helikopteroz jaitsi, eta inor ez zegoela zaurituta ikusita, soka baten laguntzarekin lortu dute mendizaleak jaistea, izotz plaka bat egin baita gauean eta haren gainetik pasatu behar zuten.