Gizartea -
Getxon
Langraizko espetxetik ihes eginda zegoen emakume bat atxilotu dute
2010eko urrian espetxe baimen bat eman zioten emakumeari eta ez zen ordutik berriro itzuli. Getxoko udaltzainek ustez lapurreta egiteagatik atxilotu eta nortasun faltsua erabiltzen zuela frogatu dute.
Erredakzioa
2010eko urriaz geroztik Langraizko espetxetik ihes eginda zegoen 43 urteko emakumea atxilotu zuten atzo Getxoko Udaltzaingoaren agenteek. Antza, espetxe baimen bat eman ziotenetik ez zen berriro kartzelara itzuli.
Atxilotuak nortasun faltsua erabiltzen zuen erakunde edo polizia tramiteak egiteko. Gaur deklaratuko du epailearen aurrean eta ondoren kartzelara itzuliko da.
Atxiloketa atzo jazo zen, Getxoko kale batean. Udaltzainek itxura narratseko emakume bat ikusi zuten poltsa beltz handi bat eskuan zeramala, pauso azkarrean. Koordinazio zentroarekin harremanetan ipini eta berehala frogatu zuten emakumea saltoki batetik erosketarik egin gabe atera zela presaka, eta susmoak sortu zituela.
Agenteek identifikatu egin zuten eta poltsan hegaluze poteak eta latak zeramatzala frogatu zuten, ustez supermerkatuan lapurtutakoak. Udaltzainak emakumeak eman zien nortasuna faltsua zela ohartu ziren eta benetakoa zein zen aztertzerakoan Langraizko espetxetik ihes eginda zegoela ikusi zuten.