Gizartea -
Ikerkuntza sustatzeko
Jaurlaritzak eta MCCk berrikuntza soziosanitarioa bultzatuko dute
Bi milioi euroko aurrekontua izango dute berrikuntza soziosanitarioko zentro bat egiteko. Egitura txikia izango du, eta ikerkuntzarako ekimenak koordinatzea izango du helburuetako bat.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Mondragon Korporazio Kooperatiboarekin (MCC) batera berrikuntza soziosanitarioko zentro bat martxan jarriko du. Sektore horretan, esparru publiko eta pribatutik datozen ikerkuntza eta garapenerako ekimenak koordinatu eta sustatuko ditu horrek. Fundazioak bi milioi euroko aurrekontua izango du, eta zentroaren egitura txikia izango da.
Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioan, Patxi Lopez lehendakariak eta Jose Maria Aldecoa MCCko presidenteak gaur aurkeztu duten zentroan, kokatuko dituzte bulego horiek. Sektore soziosanitarioaren garrantzia handitzen doala esan dute biek, populazioaren zahartzea eta gastu publikoaren murrizpenak kontuan hartuta.
Fundazioaren helburua ikerkuntzarako, garapenerako eta berrikuntzarako ekimenak koordinatu eta sustatzea da; populazioa zahartzeak, gaixotasun kronikoek, urritasunek edo dependentziak sortutako egoerak artatzera bideratuta egongo da, beraz. Era horretan, kalitate eta eraginkortasun gehiagoko zerbitzuak emateko modelo berriak finkatu nahi dituzte, pertsonen egunerokotasunera zuzenduak.
Urte amaiera baino lehen jarriko dute martxan zentroa, baina irailetik aurrera erabakiko dute non kokatu.