Gizartea -

Ebazpena

Alkoholemia frogari uko egitea ez da beti delitu

Delitua da pertsona "gidatzen ari denean edo gidatu berri badu". Kamioizale bati desobedientziagatik ezarri zioten sei hilabeteko zigorra bertan behera utzi du erabaki horrekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alkoholemia frogari uko egitea ez da delitua gidariari ez badiote harrapatzen gidatzen edo gidatu berri duenean, Murtziako Probintzia Auzitegiak ebatzi duenez. Kamioizale bati desobedientziagatik ezarri zioten sei hilabeteko zigorra bertan behera utzi du erabaki horrekin.

2010eko maiatzaren 15ean, Poliziak alkoholemia froga egitea eskatu zion gizon bati "pertsona batek kamioi bat sigi-sagan zihoala ohartaraziz abisua eman ondoren". Abisua eman zuenak ibilgailuaren matrikula ere eman omen zuen eta auzipetuak gidatu ohi duen kamioia dela frogatu zuten.

Murtziako Auzitegiak atzera bota duen ebazpenean epaileak azaltzen duenez, "inork ez zuen auzipetua gidatzen ikusi, edari alkoholdunak edan izanaren sintomak zituen, baina argi geratu da ez zuela kamioia gidatu azken bi orduetan".

Epaileak ez zion zigorrik jarri zirkulazioko segurtasunaren kontrako delitu bategatik, baina sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion alkoholemia frogari uko egiteagatik. Gainera, urtebetez gidabaimena kendu zioten.

Probintzia Auzitegiak ebazpena atzera botatzeko beste arrazoietako bat "gidaria" terminoari dagokiona da. Izan ere, Zigor Kodearen arabera, izen horren aplikazioa ezin da abstraktua edo generikoa izan gidabaimena duen ororentzat edo inoiz ibilgailurenbat gidatu duenarentzat: "Delitua izateko, alkoholemia froga egitea eskatzen zaionean pertsona horrek gidatzen egon behar du edo bestela, ordu arte gidatzen egon dela frogatu behar da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea