Gizartea -
Etxeko indarkeria
Gizonezko bat atxilotu dute Madrilen ama hiltzea egotzita
53 urteko emakumea hilda aurkitu dute, etxean, buruan kolpe bat zuela. Semea bertan atxilotu du Poliziak.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak R.E.P. gizonezkoa atxilotu du astearte honetan, bere ama (A.P.L.), hiltzea egotzita. 53 urteko emakumearen gorpua etxebizitzaren zoruan aurkitu dute, buruan kolpe bat zuela, Poliziaren Madrilgo Goi Buruzagitzak jakitera eman duenez.
Astearte honetako 07:30ean, atxilotuaren aitak, hildakoaren bikotekide ohiak, 091 telefonora deitu du, Madrilgo Hortaleza barrutiko Mota del Cuervo kalean gorpu bat zegoela esateko. Herritarren Segurtasuneko Brigada Probintzialeko kide batzuk bertara joan dira eta emakumea etxeko zoruan hilda aurkitu dute, indarkeria zantzuak eta buruan kolpe bat zituela.
Emakumearen semea bertan atxilotu eta Poliziaren egoitzara eraman dute. Semeak eta amak arazoak zituzten alkoholarekin, baina ez dute argitu liskarra izan zutenean mozkortuta ote zeuden.